Politika -
Bartzelonan
Casadok PP berria aurkeztuko du gaur, Saenz de Santamariaren taldeko inor sartu barik
Santamariaren taldeak bukatutzat eman ditu bart negoziazioak, Casadok garrantzi gutxiko kargu bi baino ez dituela eskaini argudiatuta. Ez zaie nahikoa iruditzen.
agentziak | erredakzioa
Pablo Casado PPren presidente berriak alderdiko organigrama berria eta aro berri honetan bidelagun izango duen taldea aurkeztuko du gaur, osteguna, Bartzelonan, printzipioz, Soraya Saenz de Santamariaren gertuko taldeko inor sartu barik.
Santamariaren taldeak bukatutzat eman ditu bart negoziazioak, Casadok garrantzi gutxiko kargu bi (sailetako idazkaritzak Fatima Bañez eta Iñigo de la Sernarentzat) baino ez dituela eskaini argudiatuta, eta nahikoa ez dela iritzita.
Buruzagi berriaren ingurukoek, aldiz, ziurtatu dute Saenz de Santamaria jendaurrean babestu zuten sei pertsona sartzea lortu dutela, hainbat idazkaritzako gidaritza hartzeko negoziatuta.
Horiek Alvaro Nadal Enplegu Ekonomia idazkaria, Sergio Ramos Marimar Blanco, Yolanda Bel eta Sofia Acedo lirateke. Iñaki Oyarzabal ere taldean egongo litzatekeela esan zuten Casadoren taldekoek, baina politikari arabarrak uko egin zion eskaintzari.
Oyarzabalek ez du Batzorde Exekutibo Nazionalarekin bat egingo ez zaiolako ondo iruditzen kargua onartzea bien arteko negoziazioak bertan behera utzi badituzte, alderditik zehaztu dutenez.
Banaketa horrela geratuz gero eta negoziazioek bere horretan jarraitzekotan, Soraya Saenz de Santamariaren aldekoek garrantzia handia ez duten bost kargu izango lituzkete, baina bat ere ez kupulan, ez Gobernu espainiarreko presidenteordea, ez Jose Luis Ayllon kanpainaren burua, ezta Bañez eta De la Serna ere ez dute kargurik izango Genovan.
Ikusteko dago, beraz, presidenteak Maria Dolores de Cospedalen konfiantzazko inor sartzen ote duen. Cospedalen babesa ezinbestekoa izan zen Casadorentzat, bigarren itzulian gailentzeko.