Politika -

PRESOAK

Etxeratek dispertsioaren amaiera eskatuko du abuztuaren 5ean hondartzatan

Presoen senideen elkartearen iritziz, Euskal Herrian adostasun zabala dago konponbiderako premiazko agendaren inguruan, presoak gerturatzeko eta gaixorik dauden presoak askatzeko.

Argazkia: @EtxeratElkartea
Argazkia: @EtxeratElkartea
Argazkia: @EtxeratElkartea

AGENTZIA | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urtero bezala, Etxerat presoen senideen elkarteak elkarretaratzeak deitu ditu Euskal Herriko hondartzatan, dispertsioaren amaiera eta presoen gerturatzea eskatzeko. Aurtengo mobilizazioak abuztuaren 4an eta 5ean izango dira.

Urtzi Errazkin eta Patricia Velez Etxerateko bozeramaileek azpimarratu dutenez, presoen senideek beren bizitza arriskuan jartzen dute astebururo, "gure borondatez egiten ez ditugun bidaia batzuetan".  Salatu dutenez, euskal preso politikoen senide eta lagunek ezin dute sufrimendua atzean utzi, "gure sufrimenduak orainaldiari lotuta jarraitzen duelako eta horregatik salatu behar dugu berriro ere, zoritxarrez, balizko biktimak garela" (4.000tik gora).

Etxeratek nabarmendu duenez, Euskal Herrian adostasun sendo eta zabala dago "konponbiderako premiazko agenda" delako horren inguruan. Agenda horrek presoak Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzea eta larriki gaixo direnak aske uztea eskatzen du; baita Estatu espainiarrean lehen graduan daudenak bigarrenera igarotzea, Frantziako kartzeletan betetako zigorrak aintzat hartzea eta espetxe eskumena transferitzea.

Hori dela eta, aurten hondartzatan egingo diren mobilizazioak inoiz baino garrantzitsuagoak direla aldarrikatu du Etxeratek.

Kontzentrazioak abuztuaren 5ean egingo dira. 12:00etan Muskizen, Laidan, Lagan, Laidatxun, Deban, Zarautzen, Orion, Donostian eta Hendaian; 12:30ean, Bakion eta Mutrikun, eta 13:00etan Ean. Bestalde, bezperan, Plentzian elkartuko dira 12:30ean.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Presoak bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa