Politika -

ETA

ETAri konfiskatutako material guztia urriaren 1ean emango dio Frantziak Espainiari

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak egin du iragarpena Emmanuel Macronekin batera Moncloa Jauregian egin duen agerraldian.

Emmanuel Macron eta Pedro Sanchez. Argazkia: EFE
Emmanuel Macron eta Pedro Sanchez. Argazkia: EFE
Emmanuel Macron eta Pedro Sanchez. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Gobernuak ETAri konfiskatutako material guztia datorren urriaren 1ean utziko du Espainiako Gobernuaren esku. Horretarako ekitaldi bat antolatuko dute bi herrialdeek.

Hala iragarri du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Moncloa Jauregian Emmanuel Macronekin egin duen bileraren ostean. Sanchezen esanetan, ETAri azken 20 urteotan kendutako "milaka dokumentu eta arma" entregatuko ditu Frantziak.  Halaber, urriaren 1eko ekitaldi horretan "biktimak oso presente" izango dituztela azpimarratu du.

"Espainiak ez du inoiz ahaztuko terrorismoaren kontrako borrokan bi herrialdeek izan duten elkarlana", adierazi du Sanchezek Frantziako Gobernuko presidenteak alboan zuela.

Agerraldi bateratu horretan, ETAk egindako azken atentatua Frantzian izan zela, 2010ean, eta jendarme bat hil zutela gogoratu dute.

Espainiako Gobernuko presidentearen hitzetan, Frantziak emango duen material horri esker, Auzitegi Nazionalak argitu gabe dauden hainbat hilketa argitu ahal izango ditu.

Bi gobernuek 2017ko otsailean, Malagan, egin zuten aldebiko goi-bileran adostu zuten materialaren entregatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua Frantzia ETA Pedro Sánchez Albisteak Gaur Albisteak Bakea Euskadin Emmanuel Macron Frantziako Gobernua