Politika -

Presoen lekualdatzea

Sarek Espainiako Gobernuari: 'PPk ezin du espetxe politika agindu'

Era berean, sozialistek bi presoen lekualdatzearen inguruan egin dituzten 'adierazpen kontrajarriak' kritikatu ditu euskal presoen aldeko sareak.

Azkarraga, kazetarien aurrean. ETBko bideo batetik ateratako argazkia.
Azkarraga, kazetarien aurrean. Argazkia: ETB
Azkarraga, kazetarien aurrean. ETBko bideo batetik ateratako argazkia.

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joseba Azkarraga Sare euskal presoen aldeko dinamikaren bozeramaileak nabarmendu duenez, presoen auzian "PPren menpe" egoteari utzi behar dio Espainiako Gobernuak, alderdi horrek ezin baitu "espetxe politika agindu".

ETAko bi preso Basauriko espetxera mugitu dituztela eta, balorazioa egin du gaur Azkarragak Gasteizen.

Salatu duenez, lekualdatzea izan zenetik, buruzagi sozialistek "adierazpen kontrajarriak" egin dituzte. Alderdi Popularraren jarrerari dagokionez, Sareren bozeramaileak gogorarazi du Jose Maria Aznarren lehen Gobernuak "200 preso baino gehiago hurbildu" zituela.

Azkarragaren hitzetan, ondo dago biktimak "jakinaren gainean" edukitzea, baina "argi edukita espetxe politika ezin dutela biktimek agindu, are gutxiago PPk".

"Nahasmenduaren zeremonia"

Casadoren adierazpenen aurrean, biktimen elkarteek emandako "erantzuna" nabarmendu du Azkarragak, eta auzi honetan "nahasmenduaren zeremonia" nagusi izan dela salatu.

Ingurumaria horretan, duela aste batzuk Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak egindako adierazpenak ekarri ditu gogora Azkarragak: "Epailea ere baden ministro horrek esan zuen urruntze politika alde batera uztea ez dela onura bat, legea betetzea baino". Horri kontrajarriz, Jesus Loza Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak esandakoak aipatu ditu Sare dinamikaren bozeramaileak: "Lozak adierazi zuen etxetik gertu dauden kartzeletara hurbiltzeko presoek hainbat baldintza bete beharko dituztela, besteak beste, damua erakutsi, barkamena eskatu eta justiziari lagundu. Are, gauza are harrigarriagoa esan zuen, ETArekin apurtu beharko dutela; erakundea deseginda dagoela kontuan hartuta, horrek ez du zentzurik".

Hain justu, auzi honetan Sarek duen aldarrikapena zein den gogorarazi du. "Urruntze politika amaitzeko ez da baldintzarik eta ordainik eskatu, horrelakoak ez daudelako legean edo araudian jasota".

Azkenik, espetxe politikaren legea "konfrontazio politikorako" erabili ezin dela azpimarratu du. Azkarragaren aburuz, "Espainiako presidenteak emandako hitza bete behar du Gobernuak, utz dezala sakabanaketa politika".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE PP Espainiako Gobernua Presoak Eguneko albisteak Albisteak Espetxeak