Politika -

ETAko presoen aldeko martxa

Larunbateko martxa ikertzea agindu du Pedraz epaileak

Epaileak baimendu egin zuen manifestazioa, baina atzo Fiskaltzak kereila aurkeztu zuen, martxan terrorismoa goratu zelakoan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak larunbatean Bilbon ETAko presoen alde izan zen manifestazioari buruzko txostenak igortzeko eskatu die Espainiako Poliziari, Ertzaintzari eta Guardia Zibilari.

Epaileak baimendu egin zuen martxa, "espetxe politika aldatzea" eskatzea "zilegi" dela argudiatuta, baina atzo Fiskaltzak kereila bat aurkeztu zuen, ekitaldian terrorismoa goratu zutelakoan.

Orain, epaileak martxaren irudiak igortzeko eskatu die ETBri eta beste telebista-kate batzuei, parte-hartzaileek ETAko kideen argazkiak erakutsi eta erakunde terroristaren aldeko mezuak oihukatu zituzten egiaztatzeko.

Halaber, deklaratzera nortzuk deitu behar dituen argitzeko eskatu dio Ministerio Publikoari, deitzaileak eta sustatzaileak 100dik gora baitira. Lekuko edo auzipetu bezala deitu behar dituen ere jakin nahi du.

Kereilan, hedabideek martxari buruz emandako datu batzuk jaso ditu Fiskaltzak, hala nola Jose Maria Sagardui Gatza kartzelan denbora gehien daraman ETAko presoaren argazkiak erakutsi zituztela eta ETAren "ideologiarekin bat" datorren mezuak oihukatu zituztela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea