Politika -
Elkarrizketa 'Gara' egunkarian
Otegik legeztatzea eskatu du, ETAren amaiera 'atzeraezin' egiteko
ETAk su-etena iragarri baino lehenago egindako elkarrizketa batean, buruzagi abertzale ohiak adierazi du Gobernuak "kudeaketa politikoa" egin beharko duela, "behin betiko konponbideak" bilatzeko.
Erredakzioa
Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaile ohiak adierazi du "funtsezkoa" dela ezker abertzalea hurrengo hauteskundeetan egotea, "prozesua atzeraezina" izatea bermatzeko.
ETAk su-eten "iraunkor, orokor eta egiaztagarria" iragarri baino egun batzuk lehenago Gara egunkariak egindako baina gaur publikatutako elkarrizketa batean, Otegik esan du Batasunak hauteskundeetan parte hartu ahal izatea "bereizketa politiko-ideologikoa" gainditzeko ez ezik, "eragile politikoekin eta sozialekin prozesu demokratikoa atzeraezin egiteko" ere dela "funtsezkoa".
Erakunde terroristaren erabakia oraindik publiko ez bazen ere, buruzagi abertzea ziur zegoen Bruselako Adierazpenari baiezkoa emango ziola, eta hori gertatutakoan, "garbi dago Estatuak kudeaketa politikoa egin beharko duela behin betiko konponbideak bilatzeko".
Ezker abertzaleak "borroka armatuaz" duen ikuspuntuari dagokionez, Otegik ziurtatu du ez dituela ezagutzen "ETAko kideak" baino "kritikoagoak" (indarkeriaren ekarpenari eta etikari buruz hausnartzen dutela aipatu ditu). Horrenbestez, "Zutik Euskal Herria adierazpenean jasota dagoen bezala, nazio askapenerako prozesuak antokuntza-proiektu berriak behar dituela berretsi nahi dugu", gaineratu du.
Kazetariak "sigla legala" izateko ordain politikorik eman behar duten galdetu dio, eta hark erantzun du "bi gauza" daudela: "Alderdien Legearen baldintzak onartzeak duen ordain politikoa oso txikia da, nazio askapenerako prozesuan aurrera egiteko baldintza onenetan ez bageunde gure herriak ordaindu beharko lukeenarekin alderatuta. Eta bigarrenez, badago inoiz ordaindiko ez dugun prezioa: Euskal Herria independentearen eta sozialistearen aldeko borroka uztea".
Otegik nazioarteko bitartekarien papera ere nabarmendu du: "Ideien eta proposamenen borroka gure jarrera Estatuarena baino indartsuagoa den espazio bataera eramatea errazten du".
Gaur publikatutakoa Otegiri kartzelan egin dioten hirugarren elkarrizketa izan da. Aldez aurretik, El Pais eta The Wall Street Journal egunkariek ere egin zuten.
Batasuneko bozeramaile ohia behin-behineko espetxealdian dago 2009ko urritik, Bateragune auzia dela medio. Fiskaltzak 10 urteko kartzela zigorra eskatuko du harentzat, legez kanpoko alderdiaren zuzendaritza berriz osatzen saiatzea egotzita.