Politika -

Urte politikoa

Jaurlaritzak bihar hasiko du urte politikoa

Datozen hilabeteak giltzarri izango dira estatus politiko berria zehazteko. Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileak esan du ideologia ezberdina duten taldeekin adosten saiatuko direla.

Jaurlaritzak abuztuaren 28an hasiko du urte politikoa. Artxiboko irudia: EFE
Jaurlaritzak abuztuaren 28an hasiko du urte politikoa. Artxiboko irudia: EFE
Jaurlaritzak abuztuaren 28an hasiko du urte politikoa. Artxiboko irudia: EFE

Euskadi Irratia | EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jaurlaritzak urte politikoa hasiko du astearte honetan, Donostiako Miramar jauregian. Hiru gai nagusi izango ditu mahai gainean: jeltzaleek eta sozialistek Jaurlaritzarako duten itunaren jarraipen txostena, sail bakoitzak datozen hilabeteetarako dituen lehentasunak eta aurrekontuak.

Horiez gain, datozen hilabeteak giltzarri izango dira estatus politiko berria zehazteko. Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileak esan du ideologia ezberdineko taldeekin adosten saiatuko direla, eta Espainiako Gobernuak baduela horren berri.

Halaber, alderdiek orain arte egindako lana eurek izendaturiko adituen esku utziko dute irailean, testu politikoari lege artikulatu forma eman diezaioten.

Ikusteko dago adituen esku-hartzeak EAJk eta EH Bilduk estatuarekiko harreman markoari buruz adostutakoa zabaltzea erraztuko duen, Podemos, PSE-EE eta PP alderdiek oraindik ez baitute bat egin horrekin.

Miramar jauregian egingo duten gobernu-bileran, berriz aztertuko dute falta diren 37 eskumenak eskatzeko txostena, baina Moncloan gaur egun Pedro Sanchez egoteak transferitu gabeko eskumenak lortzea erraz dezakeela uste dute. Irailean egingo dute bi gobernuek bilera. Gizarte Segurantza eta espetxe-politika dira Jaurlaritzak  azpimarratu dituen bi eskumenak.

Ikusteko dago, bestalde, espetxe politikan Espainiako Gobernuak iragarritako aldaketek eta egindako lehen gerturatzeek jarraipenik izango ote duten urte politiko berrian.

Jaurlaritzaren beste erronka bat 2019ko aurrekontuak egin eta babesa lortzea da. Iaz arte, PPk eman du Legebiltzarrean babes hori, baina EAJk Rajoyren kontrako zentsura-mozioa babestu izanak zaildu egingo du aurten gauza bera gertatzea.

Bestalde, horri guztiari nabarmen eragingo dio hauteskunde giroak. Hiru hauteskunde izango dira urte politiko berrian, udaberrian: Europako Parlamenturako hauteskundeak, eta udal eta foru hauteskundeak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euzko Alderdi Jeltzalea Donostiako informazioa Eusko Jaurlaritza Alderdi politikoak berriak EH Bildu Araba Euskal sozialistak Euskadiko PP Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Euskadiko Podemos-eko albisteak