Politika -
Eusko Legebiltzarra
Gerenabarrenak ukatu egin ditu EAJri leporatu zaizkion jokaerak
Bestalde, Aralarrek 'Miñao auzia'ren Legebiltzarreko ikerketa batzordea uztea erabaki du "etengabeko filtrazioengatik".
Erredakzioa
Arabako jeltzaleen presidenteak, Iñaki Gerenabarrenak ukatu egin ditu azken egun hauetan bere alderdiari leporatu zaizkion jokaerak eta EAJ espioitzan aritu dela dioena gezurretan dabilela adierazi du.
Gerenabarrenak azpimarratu du auzitegiak direla espioitza deliturik izan den ala ez frogatu behar dutenak eta alderdiko norbaitek zerikusia duela argitzen bada EAJtatik kanporatuko dutela.
Aralarrek batzordea utzi du
Aralarrek ''Miñao auzia''ren Legebiltzarreko ikerketa batzordea uztea erabaki du "etengabeko filtrazioengatik". Hedabideetara informazio hori filtratzea Zigor Kodean agertzen den "delitua" dela gogorarazi du.
Mikel Basabe legebiltzarkideak ohartarazi du "filtraziorik ez dagoela" ikusten dutenean itzuliko direla. "Orduan, bertan egongo gara. Asteazkenerako filtrazioak amaitzen badira, askoz hobe, delituak egiten zituena gelditu egin dela esan nahiko baitu", zehaztu du.
Eusko Legebiltzarreko batzordea Araban ustez izan diren ustelkeria eta espioitza kasuak ikertzen ari da. EAJko kideak eta ertzainak daude nahastuta. Gaur Iñaki San Juan Leioako EAJren zinegotzi ohia zegoen deituta, izan ere, lehenengo agerraldian ez zen bertaratu.
Ustez Kultura Sailaren mesedeak jaso zituen bi enpresatako administraria zen San Juan.
Batzordeko presidentea, harrituta
Juanjo Agirrezabala (EA) ''Miñao auzia'' ikertzen ari den Batzordeko presidenteak onartu du filtrazioak badaudela eta "salatzeko modukoak" direla, baina "harrituta" agertu da, Aralarrek ez baitu jarrera bera eduki ''Margüello auzia''n, eta han "askoz filtrazio gehiago" izan omen dira.