Politika -
Guardia Zibila eta Polizia
10 pertsona atxilotuta Ekinen eta Askatasunaren aurkako bi operaziotan
- Bederatzi Nafarroan atzeman dituzte, eta bat Araban.
- Txelui Morenoren semea, atxilotutakoen artean.
- Bigarren operazioa da ETAk su-etena iragarri zuenetik.
Erredakzioa
Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak gutxienez 10 pertsona atxilotu dituzte gaur goizaldean, bederatzi Nafarroan eta bat Araban, Ekinen eta Askatasunaren aurka abiatutako bi operaziotan. Bigarren polizia operazioa da ETAk su-etena iragarri zuenetik.
Guardia Zibilak sei pertsona atxilotu ditu, Xabier Beortegi Martínez, Iñigo Gonzalez Etayo, Jon Patxi Arratibel, Jorge Mayo Hermoso de Mendoza, Gorka Zabala Cia eta Iker Moreno Ibañez (Txelui Moreno Batasuneko bozeramailearen semea); eta Espainiako Poliziak lau, horietako hiru Iruñean (Miguel Angel Llamas Montoya, Edurne Sanzo Madariaga eta Oihana Odria Montenegro) eta bat Gasteizen (Koldo Garcia Llorens).
Foru Erkidegoan, atxiloketak Errotxapean, Barañainen, Burlatan, Zizurren eta Etxarrin egin dituzte.
Terrorismoaren aurkako borrokaren iturriak aipatuta informazio agentziek jakinarazi dutenez, Guardia Zibilak atxilotutakoei Ekineko kide izatea egotzi diete. Erakunde hori "ETAren erraiak eta bihotza" dela ebatzi zuen Auzitegi Nazionalak 2007 urtean.
Bestaldetik, Espainiako Poliziak lau pertsona atxilotu ditu, Askatasunekoak izatea leporatuta. Hain zuzen ere, ETAren aldeko propaganda egiteko laguntza informatikoa eman izana egozten diete.
Ikertzaileek apurtu.org webgunearekin lotzen dituzte atxilotutakoak. Webgune horretan, polizia operazioak salatzen dituzte eta babesa agertzen diete ETAko presoei.
Ez da lehen aldia izan Segurtasun Indarrek tankera horretako webguneen aurka egin dutena. Izan ere, 2009ko uztailean, Guardia Zibilak hiru pertsona atzeman zituen gaztesarea.net webguneko arduradunak izatea egotzita. Webgune hori Segi finantzatzeko erabiltzen zuten susmoa zuten.
Operazioa Fernando Grande-Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu du.
Miaketak
Orain arte, Guardia Zibilak eta Poliziak zortzi miaketa egin dituzte, eta atzemandako materiala aztertzen ari dira.
Barne Ministroak baieztatu duenez, zazpi etxebizitza eta Askatasunak Iruñean duen egoitza arakatu dituzte, baina ez da baztertzen miaketa gehiago egitea.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, gainera, beste miaketa batzuen berri eman du: Bi elkarte Atarrabian eta Uharten, eta Iruñeko Alde Zaharreko Herrika Taberna.