Politika -

ETAren su-etena

Su-eten hau 'ezberdina' izan litekeela uste du 'Financial Times'ek

Egunkari britainiarrak esan du Gobernuak ezin duela "independentzia nahi duten ehunka mila euskal herritar kriminalizatzen jarraitu", eta presoak hurbiltzeko dei egin dio.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Financial Times egunkari britainiarrak ETAren azken su-etenari buruzko iritzi artikulu bat publikatu du gaur, paperezko edizioan. Horretan, kazetak adierazi du su-eten hau "ezberdina" izan litzatekeela aurrekoekin alderatuta, eta erakunde terroristako presoak hurbiltzeko dei egin dio Espainiako Gobernuari.

"Madrilek ezin du independentzia nahi duten ehunka mila euskal herritar kriminalizatzen jarraitu", iritzi dio artikuluaren egileak.

Artikuluak "Paisaia politiko berriak heriotza-ukaldia eman dio ETAri" du izenburu, eta David Gardner kazetariak idatzi du.

Bere aburuz, "oraingo honetan, ETAk behingoz utzi behar du borroka, modu egiaztagarrian. Baina agintariek zuhurtziaz erabili behar dute politika, Espainia osotik bananduta dauden ehunka preso aberriratuz, adibidez".

Egunkariak ez du ahaztu ETAk 11 su-eten egin dituela, eta azkena Madrilgo aireportuan bonba-autoa jarriz amaitu zuela.

Halaber, aitortu du hilaren 10eko agiria 2006koaren antzekoa dela, eta ez duela "aipamen zehatzik" egin balizko desarmeaz.

Nolanahi ere, "ETAk asko aldatu ez badu ere", gizarteak egin duela gogorarazi du. "Erakundea iraganean izan zenaren itzala baino ez da, Segurtasun Indarrek jazarria, buruzagietako asko galdu ditu, buruzagi bihurtu eta gutxira".

Ezker abertzalea ere hizpide izan du, eta ETAri armak uzteko "presioa" egin diola esan duñ. "Hainbat epaiketak, legez kanpotzeak eta finantziazio ezak ahulduta, ezker abertzalea armak uzteko exijentzien buru izan da", iritzi dio.

Gardnerrek gogorarazi du erakunde terroristan tankera honetako eztabaidak piztu diren bakoitzean "pistolekin jarraitzea" erabaki dela, "baina oraingoan ezberdina izan liteke": "2004n Madrilen izan ziren atentatuen ostean, ekintza terroristen eta ETAren jarrera mesianikoen aldeko jarrera minoritarioak desagertu egin dira".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea