Politika -
Hilaren 27ko greba orokorra
Ares: 'Jaurlaritzaren aurkakoak ordezkatzea dute xede ELAk eta LABek'
"Udalbiltza berreskuratu nahi izatea akats larria" dela uste du Herrizaingoko buruak eta, horren hitzetan, Aitor Telleriak ez du babesik eskatu bere bizia "arriskuan" omen dagoelako.
Erredakzioa
Urtarrilaren 27ko greba orokorra bi urtean "ELAk eta LABek deitzen duten hirugarrena" dela esan du Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak. Horren hitzetan, "langileen eskubideen defentsa" alde batera utzita, "Eusko Jaurlaritza suntsitu nahi duten horiek guztiak ordezkatzea dute xede ELAk eta LABek".
"Haiek proposatzen dutenaren justu aurkakoa behar da krisi ekonomikoaren aurrean; elkarrekin eta gehiago lan egin, lehiakorragoak izan, krisia gainditzen saiatu eta lana era jasangarrian sortu", iritzi dio Aresek Europa Presseko elkarrizketan.
EAJko agintari ohiekin eta alderdikideekin harremana duen Arabako ustezko ustelkeria eta espioitza kasuen inguruan ere aritu da Herrizaingo burua. Afiliatu txartela soilik eskatzea gaitzetsi du Aresek eta "neurriak hartzea" eskatu dio Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidenteari.
"Antolatutako kanpaina handi" baten biktima zela, eta "zerikusirik ez duen ekintzekin" lotzean bere bizitza "arriskuan jarri" dutela adierazi zuen atzo Aitor Telleriak Eusko Legebiltzarreko ikerketa batzordearen aurrean. Horren harian, Aresek esan du Telleriak edo inork bere izenean ez duela babesik eskatu edota Ertzaintzan salaketarik aurkeztu bere bizia "arriskuan" omen dagoelako.
Herrizaingo sailburuak, halaber, Jokin Bildarratz Eudeleko presidentea Udalbiltzaren antzeko organo berri baten aldeko interesa agertu izana gaitzetsi du. "Udalbiltza berreskuratu nahi izatea akats larria" dela uste du Aresek.