Politika -
ETA-ren amaiera
Pedro Sanchez eta Edouard Philippe izango dira ETAren materiala emateko ekitaldian
Joan den uztailean adostu zuten Sanchezek eta Macronek Frantziak ETAri konfiskatutako materiala Espainiaren esku uztea. Ekitaldia urriaren 1ean egingo dute, Madrilen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Frantziako Gobernuak Espainiaren esku utziko du azken hamarkadetan ETAri konfiskatutako material guztia. Hala adostu zuten joan den uztailaren 26an Pedro Sanchezek eta Emmanuel Macronek.
Materiala entregatzeko ekitaldia datorren urriaren 1ean egingo dute Madrilen eta, besteak beste, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, Edouard Philippe Frantziako lehen ministroa eta Nicole Belloubet Justizia ministroa izango dira bertan, Moncloa Jauregiko iturriak aipatuta EFE agentziak zabaldu duenez.
ETAk 2018ko apirilaren 16an iragarri zuen bere behin betiko desegitea, aurretik armagabetze prozesua azken bururaino eraman ostean.
Maiatzaren 4an, Kanbon egindako bakearen aldeko nazioarteko foroan ziurtatu zuten ETAren amaiera.