Politika -

Gernikako Estatutua

Transferitzeke dauden eskuduntzak negoziatzen ari direla nabarmendu du Jaurlaritzak

Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak aitortu du ez dela 'erraza' izango, eta bide horretan, 'lan egutegi bat' zehazteko eskatu dio Espainiako Gobernuari.

Erkoreka, gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan. Argazkia: EFE
Josu Erkoreka. Argazkia: EFE
Katalunian irtenbidea elkarrizketaren bidetik etorriko dela dio Erkorekak

1:15

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak nabarmendu duenez, Gernikako Estatutuan jasota eta transferitzeke dauden eskuduntzak negoziatzen ari dira Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua. "Urteak eman ditugu inolako kontakturik gabe, eta orain lanean ari gara", erantsi du. Aitortu du esku-aldatzea ez dela "erraza" izango, eta bide horretan, "lan egutegi bat" zehazteko eskatu dio Sanchezen Gobernuari.

Gobernu bileraren ondotik ohiko prentsaurrekoan egin ditu adierazpenok Erkorekak. Kazetariek Transferentzien Batzorde Mistoari buruz galdetu diote eledunari, baita Andoni Ortuzar EAJko presidenteak Sanchezi egindako ohartarazpenez ere.

Espainiako Gobernuak joan den astean bi proposamen zehatz helarazi zizkiela jakinarazi du Erkorekak.

Joan den astean Eusko Jaurlaritzak transferitzeko gelditzen diren bi gairen inguruko Estatuaren proposamena jaso zuen: bi trenbide-tarte Bizkaian eta Armiñon (Araba) eta Burgos arteko A-1aren euskal zatia.

Erkorekaren hitzetan, Eusko Jaurlaritzak proposamen hori ez zuela onartuko esan zion Estatuari, eta alderdi bietako talde teknikoak "ezberdintasunak" konpontzeko lanean ari direla esan du.

Bestalde, Estatu zentralari "eskakizun maila igo izana" normala dela esan du; dena den, bi administrazioek berriro harremanak berrabiatu dituztela azpimarratu du, hainbat urte transferentzien inguruan hitz egin egon gabe.

"Hala ere, orain proposamenak eta kontraeskaintzak egiteko, eta ituna lortzeko negoziazioan aurrera egiteko aukera daukagu", esan du Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Hala ere, "Eusko Jaurlaritzak, Gobernu zentralak bezala, bere mugak dituela" azaldu du.

Ildo horretan, Andoni Ortuzarrek gaur PSOEri "pazientzia galtzeko zorian" daudela esandakoaren harira, Erkorekak "pazientzia, pazientzia dela, eta negoziazioa jarraitzen duen bitartean eskatzen jarraitu behar dugula" esan du.

Erkorekak "Estatutua onartu zenetik 468 hilabete igaro direla" gogoratu du; hortaz, "Espainiako Gobernuak jakin badaki eskumenen kontua ez dela egun batetik bestera  adosten".

Azkenik, Erkoreak "prozesu erraza ez dela" esan du, zailtasun teknikoak baititu; ondorioz, eskumenen transferentziarako egutegia ahalik eta arinen egiteko konpromisoa eskatu dio Gobernu Zentralari.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Alderdi politikoak Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak EAEko Autonomia Estatutua