Politika -
2017an jazo zen istilua
Iruñeko istiluen auziko epaia berretsi du Auzitegi Nazionalak
Halaber, Fiskaltzak jarritako helegitea atzera bota du, ez baitu auzia ekintza "terrorista" gisa ikertzea arrazoituko lukeen inolako frogarik topatu. 2017ko martxoan jazo zen istilua.
Agentziak | Erredakzioa
2017ko martxoaren 11n, Iruñeko Alde Zaharrean egindako manifestazio batean izan ziren istiluetan parte hartu izana egotzita, Auzitegi Nazionalak bi urteko espetxe-zigorra ezarri zien Errenteriako (Gipuzkoa) lau gazteri. Astelehen honetan, joan den ekainean emandako epaia berretsi du epaimahaiak, eta Fiskaltzak jarritako helegitea atzera bota du.
Ekainaren 1ean emandako epaia "hitzez hitz" berretsi du oraingoan Auzitegi Nazionalak. Lau gazteak desordena publikoak eragitea leporatuta zigortu zituen, baina erakunde terrorista baten babespean ez zutela jardun ebatsi zuen. Azken hori ezinbestekoa zen istilua "terrorismo gisa" ikertzeko.
Fiskalaren ustez, baina, han gertatu zena ezin daiteke esan "liskarra" izan zenik, eta gertatutakoa ekintza "terrorista" izan zela iritzita helegitea jarri zuen. Manifestazioa "ezker abertzaleak" deitu zuela arrazoitu zuen fiskalak, eta "erradikalei" leporatu zien istiluak.
Alabaina, Auzitegi Nazionalak helegitea atzera bota du, ez baitu auzia ekintza "terrorista" gisa ikertzea arrazoituko lukeen inolako frogarik topatu. Halaber, manifestazio hartan gazteek desordena publikoak eragin zituztela ziurtzat eman du, beti ere erakunde terroristen babesik izan gabe.
Gainera, polizia-atestatuan adierazitakoa eta lekura hurbildu ziren agenteek esandakoa kontuan hartuta, erakunde armatuei ez zitzaiela inolako aipamen zehatzik egin azpimarratu du Auzitegi Nazionalak, haren esku utzitako froga guztiak aztertu ostean.
Fiskaltzak Altsasuko auziaren epaiaren kontrako helegitea ere aurkeztu zuen, auzipetutako gazteei terrorismo delitua leporatu behar zaiela berretsita. Dena dela, epaimahaiak eskaera hori baztertu zuen.