Politika -
Maddalen Iriarte
'Gazte, emakume eta pentsiodunentzako neurriak proposatzen ditugu aurrekontuetan'
EAJk gizarte eskakizunei lehentasuna ematen badie aurrekontuak aurrera ateratzeko EH Bilduk bi abstentzio emango dituela esan du Iriartek.
Radio Euskadi | erredakzioa
Maddalen Iriarte EH Bildu taldeko bozeramailea Eusko Legebiltzarrean, Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan elkarrizketatu dute astearte honetan. Iriartek EH Bilduren bi abstentzio eskaini dizkio berriro Eusko Jaurlaritzari datorren urteko aurrekontuak aurrera atera ditzan, baldin eta Urkulluren Gobernuak "gazteentzako enplegua sortzeko, gizon-emakumeen arteko soldata arrakala murrizteko eta erretiro-pentsio txikienak osatzeko" konpromisoa hartzen badu.
Iriarteren esanetan, "errazena" aurrekontuei "aurre egitea" izango litzateke, baina "kalera atera gara eta milaka pertsona, batez ere emakumeak eta pentsiodunak, bizitza baldintza duinen eske ikusi dugu". Ildo horretan, "eskari horiek aintzakotzat hartu behar ditugu, baita aurrekontuen onarpenean ere", esan du.
Hala ere, Iñigo Iturrate legebiltzarkideak EH Bilduren proposamena "zaharra eta seriotasun gutxikoa" dela esan ostean, "zaharkituta dagoena kalean eskatzen dutenari Gobernuak men ez egitea dela" erantzun dio Iriartek.
Bestalde, estatus berriaren harira lortutako akordioa azpimarratu du Iriartek: "Autogobernuaren akordioak ez gaitu banatzen, demokrazia eta eguneroko arazoak konpontzeko gaitasun handiagoa ematen baitie Bizkaia, Araba eta Gipuzkoari".
Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du.