Politika -

KONTROL SAIOA KONGRESUAN

Martuteneko kartzela itxi eta Zubietan beste bat egingo dutela iragarri du Marlaskak

Barne ministroak azaldu duenez, 200 eta 300 preso artean hartzeko tokia izango du. Kartzelaz gain, gizarteratze zentro bat ere eraikiko dute Zubietan. Dena den, ez du datarik zehaztu.

Martuteneko espetxea. EiTBren artxiboko irudietatik ateratako pantaila-irudia.
Martuteneko espetxea
Martuteneko espetxea. EiTBren artxiboko irudietatik ateratako pantaila-irudia.

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak espetxe berria eta gizarteratze zentro bat eraikiko ditu Zubietan, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak asteazken honetan iragarri duenez. Halaber, azpiegitura berriak ireki eta "epe laburrean" Martuteneko kartzela ixteko konpromisoa agertu du.

Diputatuen Kongresuko kontrol saioan egin du iragarpena Barne ministroak, Mikel Legarda EAJko diputatuaren galdera bati erantzunez. Ordezkari jeltzaleak azpimarratu duenez, Martuteneko kartzela ixtea adostu zuten Barne Ministerioak eta Donostiako Udalak 2005. urtean, eta 13 urte geroago espetxea zabalik dago oraindik.

Orain arte, Zubietan gizarteratze zentro bat eraikitzeko asmoa soilik agertu izan du Espainiako Gobernuak.

Marlaskaren esanetan, Zubietako zentro berriak 200 eta 300 preso artean hartzeko tokia izango du. Halaber, gizarteratze zentro bat ere eraikiko dute Zubietan, besteak beste, hirugarren graduan dauden presoek beren zigorrak betetzeko balioko du.

Dena den, Barne ministroak ez du datarik zehaztu nahi izan.

Mikel Legarda diputatu jeltzaleak, ostera, zalantzak argitu ez izana leporatu dio Barne ministroari. Gauzak horrela, Gernikako Estatutua bete eta espetxe eskumena Eusko Jaurlaritzari eskualdatzeko eskatu dio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua albisteak Politika albisteak Donostia bideoak Espainiako Gobernua albisteak Presoak albisteak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Espetxe politika