Politika -

Nafarroa

Altsasukoen epaia berrikusiko duten epaileak errekusatzea eskatu dute defentsek

Apelazio Epaimahaiak aurkeztutako ebazpena gaitzetsi dute defentsek, epaileak Guardia Zibilaren golardoak jaso izana "abstentzioa aurkezteko arrazoia ez dela" ebatzi baitzuen.

Altsasukoen aldeko manifestazioa Iruñean, artxiboko argazkia: Altsasu Gurasoak
Altsasukoen aldeko manifestazioa Iruñean
Altsasukoen aldeko manifestazioa Iruñean, artxiboko argazkia: Altsasu Gurasoak

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Altsasuko (Nafarroa) gazteen defentsa gehienek epaia berrikusiko duen Auzitegi Nazionaleko epaimahaia errekusatzea eskatu dute. Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko 1. Sekzioak bi eta 13 urte bitarteko zigorra ezarri zien Altsasuko gazteei, 2015eko urriaren 15ean Nafarroako herrian gertatutako liskarrengatik. Fiskaltzak ez bezala, Auzitegiak ez zuen terrorismo zantzurik ikusi gertakarietan, baina zigor handiak ezarri zizkieten gazteei.

Horrela, Apelazio Epaimahaiak urriaren 1ean aurkeztutako ebazpena gaitzetsi dute agiri batean gazteen defentsek; Apelazio Epaimahaia osatzen duten hiru epaileetatik bik (Jose Ramon Navarro eta Eloy Velasco) Guardia Zibilaren golardoak jaso izan zituztela, baina hori "abstentzioa aurkezteko arrazoia ez" dela ebatzi baitzuen Apelazio Epaimahaiak.

Altsasuko gazteen defentsek auzia epaitu zuen Concepcion Espejel epailea errekusatzea ere eskatu zuten; batetik, Guardia Zibilaren saria jaso zuelako, eta bestetik, Guardia Zibileko koronel batekin ezkonduta dagoelako. Hala ere, ez zuten errekusazioa onartu "epez kanpo" aurkeztu zutelako.

"Epaimahaia defentsen azalpenari aurreratu egin da, epaile batek Guardia Zibilaren golardo bat jasotzeak auzi batean abstenitzeko arrazoi nahikoa ez dela argudiatu baitzuen", defentsen esanetan.

Beraz, "Apelazio Epaimahaiak berak auzia ebazteko neutraltasunik eza onartu du", defentsen ustez, "argudioak aztertu aurretik ezarri dutelako epaileek beren jarrera".

Halaber, auzia Guardia Zibilaren informazioetan erabat oinarrituta dagoela salatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Altsasu Gazteak albisteak