Politika -

ETA-ren biktima

Senideek eta lankideek Juan Jose Pacheco ertzainari omenaldia egin diote Tolosan

Ekitaldi xumean minutu bateko isilunea gorde, lore eskaintza egin eta ohorezko aurreskua dantzatu dute hildako ertzainaren omenez. ETAk hil zuen hirugarren ertzaina izan zen.

Juan Jose Pachecori omenaldia 'Memoria' eskulturan, Tolosan. Argazkia: EFE
Juan Jose Pachecori omenaldia 'Memoria' eskulturan, Tolosan. Argazkia: EFE
Juan Jose Pachecori omenaldia 'Memoria' eskulturan, Tolosan. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Senitartekoek, erakundeetako ordezkariek eta Ertzaintzako lankideek Juan Jose Pacheco ertzainari omenaldia egin diote gaur. ETAk duela 30 urte hil zuen, Brinkolako tunelean, Madril-Irun trenbidean lehergailu bat zartarazita.

Ekitaldi xumean minutu bateko isilunea gorde, lore eskaintza egin eta ohorezko aurreskua dantzatu dute hildako ertzainaren omenez. ETAk hil zuen hirugarren ertzaina izan zen. Hilketa 1988ko urriaren 16an gertatu zen.

Pacheco trenbidea ikuskatzera joan zen bonba abisua jaso ondoren. Lehergailuak eztanda egin zuen Legazpiko (Gipuzkoa) Brinkola tunelean.

Ehun bat pertsonak parte hartu dute omenaldian. Tolosako Aranburu jauregiaren alboan dagoen 'Memoria' izeneko eskulturan egin dute ekitaldia. Hildako ertzainaren alarguna eta bi arreba, dozena bat ertzain, Tolosako polizia-etxeko buruzagia eta Erne sindikatuko lankide ugari bertan izan dira.

Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzarako idazkari nagusiak ere parte hartu du. Alfonso Alonso Euskadiko PPren presidenteak Iñigo Urkullu lehendakariari Fernandez kargutik kentzeko eskatu dio gaur goizean, ‘Herenegun’ Euskadiren arestiko historiari buruzko ikasgaiagatik. Fernandezek ez du adierazpenik egin nahi izan.

 

Rosa Pacheco: "Hitz egitea oso garrantzitsua da, batez ere gure seme-alabekin"

 

Era berean, Olatz Peon (EAJ) Tolosako alkateak, Maixabel Lasa Juan Mari Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibil ohiaren alarguna eta Jokin Bildarratz senatari jeltzaleak Pachecoren senitartekoak lagundu dituzte ekitaldian.

Tolosako Udalbatzan ordezkaritza duten talde politiko guztietako zinegotziek omenaldian parte hartu dute, baita EH Bildukoek ere.

Minutu bateko isilunearen ostean, Pachecoren senideek lore-sorta jarri dute monolitoaren aurrean, eta ohorezko aurresku batek amaitutzat jo du ekitaldia.

Omenaldia amaitu ondoren, “hitz egitea oso garrantzitsua da, batez ere gure seme-alabekin”, adierazi du Rosa Pacheco hildako ertzainaren arrebak. “Iraganeko hanka-sartzeez bakarrik horrela ikasiko dugu”, erantsi du. Azkenik, ekitaldira hurbildu diren guztiei “bihotzez” eskerrak eman dizkie ertzainaren arrebak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Ertzaintza Tolosa ETA Eguneko albisteak Albisteak Bakea Euskadin Terrorismoaren Biktimak Gaur