Politika -

Ezkutuko bileraren audioak

Cospedalek eta haren senarrak 'aldizkako lanak' eskatu zizkioten Villarejori

Bileraren grabazioetan entzun daitekeenez, komisario ohia "aldizkako lanak gastuen ordainketaren truke" egiteko prest azaldu zen.

Cospedal. Argazkia: EFE
Maria Dolores de Cospedal atzo Kongresuko korridoreetan kazetarien artean
Cospedalek 'aldizkako lanak' eskatu zizkion Villarejori

1:36

Agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusi ohiak eta Ignacio Lopez Hierro haren senarrak "aldizkako lanak" eskatu zizkioten Jose Manuel Villarejo Poliziaren komisario izandakoari, eta berak "gastuen ordainketaren truke" lan horiek egiteko prest azaldu zen, asteazken honetan kaleratu dituzten bileraren audio berrien arabera.

Cospedal, Lopez Hierro eta Villarejo, 2009ko uztailaren 21ean, Genova (Madril) kalean PPk duen egoitzan bildu zirela atzo (asteartea) zabaldu ostean, Moncloa.com agerkari digitalak bilera horren grabazio berriak kaleratu ditu gaur.

Grabazioetan entzun daitekeenez, Gurtel auzian nahasitako PPko buruzagien inguruan berba egin zuten bileran, jada hilabete gutxi batzuk lehenago lehen atxiloketak gertatu baitziren, eta Luis Barcenas PPko diruzaina izan zena ikertua izaten ari baitzen.

Tandem auzia dela eta, egun, espetxean dagoen Villarejo komisario ohiak Gurtel inguruko ikerketa abian zela jakinarazi zion Arturo Gonzalez Panero, "El Albondiguilla", Boadilla del Monte (Madril) udalerriko alkate ohiari; eta, Barcenas inputatuko zutela segurutzat jo ondoren, estrategia bat proposatu zion: "Barcenas jada erabat kutsatuta dago eta guztion artean intoxikatzen ahalegindu behar gara, hura amortizatua baitago...".

Barcenasek Genovatik eramandako paperen harira, "esandakoa baino gutxiago eraman dituela" esan zion Cospedalek Villarejori, Moncloa.com agerkari digitalak argitaratutako audioen arabera. Bilera horretan ere, auzian nahasitako beste batzuei buruz hitz egin zuten, baita Poliziak konfiskatutako auziko informazioa zuen USB memoriaren inguruan ere.

USB memoria horretan informazio "mamitsua" dagoela eta "apurtzearren" eginahalak egin dituztela esan zion komisario ohiak Cospedali.

Gaur zabaldutako grabazioetan entzun daitekeenez, bileraren bukaeran Lopez Hierrok Villarejori galdetzen dio: "Zu prest egongo zinateke, esaterako, lan puntualen bat egiteko?". "Ez dut inongo arazorik. Gastuak gutxienez inoiz ordainduko dizkidazue", erantzun zion Villarejok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PP Espainia Ustezko ustelkeria politikoa Eguneko albisteak Albisteak Madril