Politika -

'Utzi Altsasu bakean'

Altsasuko bizilagunek herria 'bakean uzteko' eskatu dute

Ciudadanosen plataforma batek igandean Nafarroako herrian egingo duen ekitaldi politikoaren "probokazioari" erantzunez, kalera irten dira milaka pertsona.

Manifestazioa Altsasun, Ciudadanoseko plataformaren ekitaldiaren bezperan / EFE.
Manifestazioa Altsasun, Ciudadanoseko plataformaren ekitaldiaren bezperan / EFE.
Manifestazioa egin dute Altsasun, 'Utzi Altsasu bakean' lelopean

1:16

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka pertsonak Altsasu "bakean uzteko" eskatu dute Nafarroako herri horretan, iganderako Ciudadanosen plataforma batek antolatutako ekimenari erantzunez.

Martxa isiltasunean egin dute gehienbat. Zenbait momentutan manifestazioaren leloa izan den “Utzi Altsasu bakean” eta “alde hemendik” oihukatu dituzte.

Igandean, Ciudadanosen plataforma batek ekitaldi politikoa egingo du Altsasun Guardia Zibilari babesa adierazteko. Alderdi horretako presidente Albert Riverak hitza hartuko du, eta PP eta Voxen buruzagiak ere izango dira bertan.

Manifestazioa bukatuta, Foruen plazan, bi bizilagunek manifestua irakurri dute. Ciudadanoseko plataformaren ekitaldia "beste irain bat da, erasoez betetako bide honetan beste urrats bat", baina oraingoan "ankerkeriarekin", "interes ilunekin eta faxismoa gogorarazten duen praktika baten bidez".

"Herri oso baten sufrimendua euren hauteskunde lehiarako erabiltzen saiatzen ari dira", esan dute, eta Altsasu "eskubide eta askatasunen ukazioren sinbolo" bihurtu nahi dutela salatu dute.

Zentzu horretan, hurrengoa nabarmendu dute: "Ez dugu euren joko makabroan eroriko. Badakigu zer nahi duten, eta errealitatea manipulatzeko aukerarik eman gabe erantzungo diegu”. Esan dutenez, “euren interes politiko eta pertsonala asetzeko gatazka eragin nahi dute". Horregatik, "ez dira gure herrian ongi etorriak, ez ditugu hemendik ikusi nahi".

Jaso duten "elkartasun olatua" eskertu dute, eta "momentu zailetan batzeko erakusten ari garen gaitasunaz" harro agertu dira, "pairatzen ari garen erasoei erantzuteko, jasaten ari garen bidegabekeriaren aurrean zutik jarraitzeko". "Azken urteetan min egin digute” eta "herriaren irudi distortsionatua eman dute", kritikatu dutenez, eta "gezur, irain eta probokazio horiekin nekatuta" daudela esan dute.

"Min handiena ematen diguna gure kaleetatik zazpi gazte kendu dizkigutela da, eta bere familiak, lagunak eta herri oso bat sufriarazi dituztela", esan dute. "Justizia eta gazte horiek etxera itzultzea eskatzen duten ahotsak isilarazteko egiten dute hori", gehitu dute.

Beste ekitaldiak igandean

Igandean, 'Askatasun eta Eskubideen Gunea' antolatuko dute Iortia plazan, 10:00etatik aurrera.  "Erasoa salatu eta Altasasuko herriari elkartasuna adierazi nahi duten guztiei" luzatu diete bertara joateko gonbita.

Halaber, Ciudadanosen ekitaldira etorritakoak joaten direnean, "jai-giroa herri guztira" zabalduko dutela zehaztu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Altsasu