Politika -
Sortu aurkeztu ostean
Oyarzabal: 'Ezker abertzalearen pausoek itxaropena ekarri dute'
Hala ere, ezker abertzalearen gainean "presio demokratikoa" mantendu behar dela defendatu du Euskadiko PPko idazkari nagusiak, "apustua serioa" dela demostratu behar baitute legeztatzeko.
Erredakzioa
ETAren ahultasunak eta ezker abertzaleak emandako "pausoek itxaropena eta baikortasuna" ekarri dutela onartu du Iñaki Oyarzabal Euskadiko PPko idazkari nagusiak, baina ezker abertzalearen gainean "presio demokratikoa" mantendu behar dela defendatu du, "apustua serioa" dela demostratu behar baitute legeztatzeko.
Sortu aurkeztu denetik, PPren diskurtsoan nobedadea dira hitz hauek. Sortuk hauteskundeetan aurkezteko "azpijoko" bat egin duela islatzen dela salatu du PPk agerraldi guztietan orain arte, eta ezker abertzalea ETAren aldetik aldendu ez dela defendatu dute. Oyarzabalek zintzoak izateko eskatu die, eta horretarako froga sendoak aurkeztu behar dituztela esan du.
Hauek izan dira Oyarzabalek gaur esan dituen hitzak Eusko Legebiltzarrean lehendakariaren adierazpenei buruz galdetzean. Patxi Lopezek adierazi duenez, Sortu hauteskundeetara aurkeztea "berri ona" da, "ezker abertzaleak legea betetzen duela esan nahi duelako". "Lehendakariak esan dituen zuhurtasunezko hitzekin eta baikortasun zorrotzeko hitzekin geratuko gara, honaino eraman gaituzten politikak mantentzeko", esan du Oyarzabalek.
"PSEk eta PPk eskakizun demokratikoa mantentzeko egindako ahaleginei esker, itxaropena dagoela uste dugu. Eman diren pausoak eskakizun demokratiko horren emaitza dira", gaineratu du.
AVTrentzat, Sortu, batasunaren jarraipena baino ez da. Horregatik, tinko aritzea exijitu dio gobernuari, Sortu hauteskundeetan izan ez dadin. Estatuko fiskal nagusiarekin batzartuko direla ere iragarri dute. Eta Sorturen aurkako erantzuna sendoa ez bada, mobilizazioak egingo dituztela esan dute.