Politika -
Alderdi berria
Maider Etxebarria izango da Sorturen idazkari nagusia
Bera izango da alderdiaren burua lehenengo kongresua arte. Horrez gain, Miren Agirregabiria, Rakel Saez de Camara eta Jose Javier Artola izan dira alderdiaren fundazio akta sinatu dutenak.
Erredakzioa
Maider Etxebarria geologian doktorea izango da Sortu ezker abertzalearen alderdi berriaren idazkari nagusia alderdiak lehenengo kongresua egin arte, Euskadi Irratiak jakitera eman duenez.
Horrez gain, Miren Karmele Agirregabiria, Rakel Saez de Camara eta Jose Javier Artola izan dira alderdiaren fundazio akta sinatu dutenak.
Iragan asteleheneko aurkezpenean iragarri zuten legez, ezker abertzaleak biltzarren eredua baztertuko du eta gainerako alderdi politikoekin bateragarria den egitura hartuko du: idazkari nagusia buru izango duen zuzendaritza bat, kongresuen arteko erabakiak hartuko dituen biltzar nazionala, eta kongresu bat egingo du lau urtean behin.
Alderdiaren oinarria afiliatuek osatuko dute, baina jarraitzaileen paperari ere atea ireki zaio. Estatutuek, era berean, militanteen eskubide eta betebehar sorta bat ezarriko dute.
Estatutuen erregistroa
Legezko izateko eskubidea dutela adierazi zuten Sortuko sustatzaileek, Madrilen, komunikabideen aurrean egindako aurkezpenean.
Iñaki Zabaleta bozeramaileak, alderdi berriak "iraganarekin guztizko haustura" duela azpimarratu zuen. Hori frogatu ahal izateko aukera ematea eskatu zuen Zabaletak, "sinesgarritasuna hazi egiten da, sortu, irabazi, sinesgarritasun hori lortzeko aukera bat bakarrik eskatzen dugu", erantsi zuen.
ETAri desegiteko eskatzen ote dioten galderari erantzuteko Zabaletak ondorengoa argudiatu zuen: "Sortu egitasmo erabat berria da, iraganarekin hautsiz sortu delako, indarkeria baztertu eta arbuiatzen du, ez du onartzen indarkeriarik".
"Sortu ez da inoren ondorengo. Proiektu berria da, herri berria, elkarbizitza berria, baina iraganarekin hautsi nahi du giza eskubideak errespetatuz", errepikatu zuen Zabaletak.
UNESCOk Madrilen duen egoitzan egin zuten agerraldia, alderdi berriko sustatzaileekin batera, Alex Maskey Sinn Feineko kidea eta Bill Browning Demokraziaren eta Giza Eskubideen Aldeko bokatua izan ziren.
"Aukera hau aprobetxatu behar dute Espainiako agintariek, Britainia Handiko Gobernuak 1997an izandako kemena izan behar dute. Euskadin bakea lortzeko bidea hori da", adierazi zuen Browningek.