Politika -

Larunbata

Indarkeriaren bost biktima izango dira protagonista Memoriaren Egunean

Manuel Zamarreño, Eugenio Olaciregui, Isaias Carrasco, Juan Carlos Garcia Goena eta Alfredo San Sebastianen alabek hitza hartuko dute Eusko Jaurlaritzaren ekitaldian.

Memoriaren Eguna. Artxiboko argazkia: EFE
Memoriaren Eguna. Artxiboko argazkia: EFE
Memoriaren Eguna. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erakundeek ekitaldi ezberdinak antolatu dituzte ostiral eta larunbat honetan, Memoriaren Eguna gogorarazteko. Baina aurten ere ez da batasunik egongo; izan ere, PPk ez du Eusko Legebiltzarraren deialdiarekin bat egingo beste behin ere, terrorismoaren eta Poliziaren gehiegikerien biktima guztiak gogora ekartzeko.

Eusko Jaurlaritzaren ekitaldia, Gogora Memoria Institutuak antolatuta, larunbatean egingo dute, Donostian. ETAren, GALen eta Poliziaren indarkeriaren ondorioz hildako bost pertsonaren alabek hartuko dute hitza. Bostok legearen aintzatespena dute.

Horrela, Naiara Manuel Zamarreñoren alabak (ETAk 1998an hil zuen PPko zinegotzia), Ainara Eugenio Olacireguiren alabak (ETAk 1997an hil zuen bizikleta enpresako behargina) eta Sandra Isaias Carrascoren alabak (ETAk 2008an hil zuen) testigantza emango dute.

Era berean, Maider Juan Carlos Garcia Goenaren alabak (GALek 1987an hil zuen) eta Jaione Alfredo San Sebastianen alabak (guardia zibil batek tirokatu zuen 1975ean) hitza hartuko dute.

'Euskal gizartea: Argi-ilunak' izenburupean, ekitaldiak “euskal gizarteak arestiko memorian, azken 60 urteetan, izandako paperaren azterketa kritikoa egingo dute”, Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez.

Omenaldian, lehendakariak hitza hartuko du, “mezu instituzionala” zabaltzeko. 70ko eta 80ko hamarkadetan euskal gizarteak terrorismoaren biktimekiko izan zuen jarrera kritikatu eta erakundeen erantzuna “egoerak eskatzen zuen mailan egon ez” zela onartuko du testuak.

Horregatik, “terrorismo eta indarkeria guztien biktimei, inor baztertu barik” barkamena eskatuko zaie, baina ETAren indarkeriak eragindako biktimei bereziki.

 

Jaurlaritza: "Terrorismo eta indarkeria guztien biktimei, inor baztertu barik, barkamena eskatuko zaie"

 

Larunbatean ere, Iñigo Urkullu lehendakariak eta talde politiko guztiek, PPk salbu, lore eskaintza egingo dute 'Gauerdiko iparrorratza' eskulturaren aurrean, ondoren Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak hitza hartuko du, eta amaitzeko bi minutuko isilunea gordeko dute.

Ganberaren egoitzatik metro gutxira, Etxerat presoen senideen elkarteak iaz egin bezala, elkarretaratzea egingo du 16 hildakoren memoria eta aintzatespena aldarrikatzeko. Guztiak sakabanaketa politikaren biktimak dira, elkartearen arabera.

2010ean aurrenekoz egin zenetik, Memoriaren Eguna azaroaren 10ean antolatzen dute. Eraso terroristek hildakorik utzi ez duten egutegiko data bakarra da.

Aurreneko edizioan, terrorismoaren biktimak soilik gogorarazi zituzten Eusko Legebiltzarrean, baina 2011an motibazio politiko eta Poliziaren gehiegikerien biktimek ere euren txokoa izan zuten. Horregatik, Ganberako ekitaldira joateari utzi zion PPk, eta orduz geroztik omenaldi propioa egiten du.

Aurten PP Eusko Legebiltzarreko eta Jaurlaritzako ekitaldietan ez da berriro izango, eta larunbatean omenaldi propioa antolatu du Irunen (Gipuzkoa), terrorismoaren biktimak bakarrik ondratzeko.

Amaya Fernandez Euskadiko Alderdi Popularraren idazkari nagusiak bi erakunde nagusien omenaldiak hizpide izan ditu prentsaurrekoan. “Ezin zaio terrorismoari zilegitasuna kendu, gaitzesten ez duenaren eskutik joanda”, adierazi du Fernandezek, EH Bilduri erreferentzia eginez.

Fernandezen ahotan, Poliziaren gehiegikerien biktimek “aintzatespen, erreparazio eta justizia osoa merezi” dute, baina Eusko Legebiltzarraren eta Jaurlaritzaren omenaldietan barneratzeak “gatazkaren mitoa bultzatzen du”.

Gernikako (Bizkaia) Bake Museoak ekimenarekin bat egingo du larunbatean, eta bere ateak zabalik izango ditu egun osoa zehar.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta Bilboko Udalak ekitaldi propioak egingo dituzte. Gasteizko Udalak eta Arabako foru erakundeek, ostera, Eusko Legebiltzarrarekin eta Jaurlaritzakoekin bat egingo dute.

Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentroaren eskutik, ETAren lau biktima, eskuin muturreko beste bat eta Bakearen Aldeko Koordinakundeko ekintzaile bat Gasteizen bildu dira ostiral goiz honetan, Memoriaren Egunaren bezperan. Ekitaldi xume horretan jatorri guztietako terrorismoaren biktimak ordezkatu dituzte, eta hildakoen senideek haien testigantzak eman dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa ETA Eguneko albisteak Albisteak Bakea Euskadin Terrorismoaren Biktimak Polizia indarkeriari buruzko albisteak