Politika -
BOTERE JUDIZIALA
Andres Martinez Arrieta epaileak zuzenduko du Kataluniako prozesuaren epaiketa
Garrantzi handiko gaiak aztertu ditu Arrietak, besteak beste, Arnaldo Otegi buruzagi abertzalea kargu publikoan aritzeko debekua.
Agentziak | Erredakzioa
Andres Martinez Arrieta epaileak izango du Kataluniako prozesuaren epaiketa zuzentzeko ardura, Manuel Marchena kontserbadorea Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko (BJKN) presidente izendatu ostean. Arrietak 20 urte eman ditu lanean Auzitegi Goreneko Zigor-arloko Salako magistratu gisa.
Gainera, Azkotitiko (Gipuzkoa) Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko epailea izan zen Arrieta. Era berean, Madrilgo 11 zenbakiko Instrukzio Epaitegian, Mostoles udalerriko epaitegietan edota Madrilgo Lurralde Auzitegian egin du lan.
Garrantzi handiko gaiak aztertu ditu Arrietak, besteak beste, Arnaldo Otegi buruzagi abertzalea kargu publikoan aritzeko debekua (Auzitegi Nazionalak 2021era arte ezarri zion inhabilitazioa).
Dena dela, Marchena baino progresistagoa dela diote haren ingurukoek. Francisco de Vitoria erakunde judizialaren sorreran hartu zuen parte.
PSOEk eta PPk Manuel Marchena kontserbadorea Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidente izatea adostu dute, Pedro Sanchezen Gobernuko iturriek jakinarazi dutenez. Espainiako Botere Judizialeko erakunde gorena hogei kidek osatzen dute, eta gehiengo progresista izango du, 11 progresista eta 9 kontserbadore baititu.