Politika -
Miñao auzia
Bi ertzain eta zenbait enpresariren agerraldia eskatu du Batzordeak
Arabako ustezko espioitza eta funtzionario-eroskeria sarea ikertzen ari den Eusko Legebiltzarreko Batzordeak deklaratu behar duten beste 14 lagunen izenak jakitera eman ditu.
Erredakzioa
Arabako ustezko espioitza eta funtzionario-eroskeria sarea ikertzen ari den Eusko Legebiltzarreko Batzordeak deklaratu behar duten beste 14 lagunen izenak jakitera eman ditu. Horien artean, Ertzaintzako bi funtzinario daude. Biek Herrizaingo Saileko informazio unitatean erantzukizunak zituzten.
Lau ikerketa lerrokin lanean ari da Batzordea eta agerraldiak horien arabera antolatu ditu. Aurreko Kultura Sailak egindako ustezko kontratazio irregularrak jorratzen ditu ikerketa lerro batek. Beste batek Arabako ekonomia eta politikako pertsona ezagunei egindako espioitza ikertzen du. Hirugarren batek Arabako Teknologia Parkean (Miñao) egindako kontratazioak jarraitzen ditu, eta azkenik, Zanbranan (Araba) eta Santurtzin (Bizkaia) egindako lurzoru operazioak ikertzen ditu laugarren lerro batek.
Batzordea bildu ostean egindako adierazpenetan, Kultura Saileko ustezko kontratazio irregularrak ikertzeko zortzi lagun galdekatu behar dituztela jakinarazi du Juanjo Agirrezabala (EA) batzordeko presidenteak.
Konkretuki, otsailaren 25ean, 11:30ean, Olatz Garamendi Kultura Saileko Zerbitzu Juridikoen buruzagi ohiak deklaratuko du. Bi ordu geroago, Oro Otxoa de Eribe Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzaren zerbitzuetako buruzagi ohia agertuko da Ganberan. Ondoren, 16.00etan Inai Muñoa Gazteaukera blogeko kudeatzaile ohiak agerraldia egingo du.
Ikerketa lerro berdinean, Lore Bilbao Kultura Saileko Zerbitzuetako zuzendari ohiaren, Bakarne Zuazua Gazteria Behatokiko arduradun ohiaren, Edurne Basoa Kultura Saileko Kabinetearen zuzendari ohiaren, Kataia enpresako langile baten eta Erretxal konpainiako beste langile baten agerraldiak eskatu ditu Batzordeak. Erretxal eta Kataia enpresek Arabako EAJko kideen ustezko ustelkeria sarean parte hartzen zuten.
Bestalde, Arabako ekonomiako eta politikako pertsonai ezagunei egindako ustezko espioitza auzia ikertzen ari den ildoan, Batzordeak Ertzaintzako bi funtzionario deitzea adostu du, biek Herrizaingo Saileko informazio unitatean erantzukizunak zituztelako.