Politika -

Helburua, "bidea erraztea"

Sortu legeztatzea eta sakabanaketa amaitzea eskatu du Brian Currinek

Nazioarteko Harreman Taldeak adierazi du "guztiz ezinbestekoa" dela indarkeria eza mantentzea bake-prozesuak aurrera egin dezan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Brian Currinek sustatutako Nazioarteko Harreman Taldeak adierazi du Sortu legeztatzea "posible egiten" saiatuko dela, eta terrorismoaren aurkako legedia eta espetxe politika aldatzea gomendatu du. Halaber, bake-prozesua arrakastatsua izan dadin, indarkeria eza mantentzea "guztiz ezinbestekoa" dela gaineratu du.

Silvia Casale eta Alberto Spektorowski ez beste taldekide guztiek prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean Bilbon, lehen proposamenak eta lan egiteko moduak azaltzeko. Currin eta Nuala O''Loan aritu dira bozeramaile. Errefusatu egin dute bitartekariak direla, eta haien helburua "bidea erraztea" dela azaldu dute.

Haien hitzetan, atzo Bilboko hotel batean egin zuten bileran kontuan izan zuten "biktimei, sufrimenduei eta oinazeari buruz ikasitako" guztia.

Hori horrela, urtarrilaren 10ean ETAk su-eten orokor, iraunkor eta egiaztagarria iragarri eta gero, Sortu legeztatzeko ahaleginak egingo dituztela aurreratu dute, baina betiere "alderdien legea beteta".

"Konfiantza neurriak" abiatzeko dei egin dute, eta terrorismoaren aurkako legedia eta espetxe politikoa aldatzea jarri dute adibide. Hain zuzen ere, presoen sakabanatzea amaitzea eta "larri" daudenak aske uztea proposatu dute.

Elkarrizketa politikoari buruzko "agenda" bat sortzeko helburuz, alderdiei "laguntza" emateko prest agertu dira, eta egoera "ez aurrera ez atzera" geratzen bada, aldeen artean "bitartekari" lanak egingo dituzte, hala egitea eskatzen badiete.

Su-etena egiaztatzea

Taldeak "beharrezkotzat" jo du egiaztatze prozesua abiatzea, eta zer nolako prozesu mota lagungarri izan daitekeen eta nork zuzendu beharko luke aztertzen ari direla iragarri dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea