Politika -
Biktimak
Arrasateko udal talde guztiek Isaias Carrasco omendu dute, elkarrekin
Lehenengo aldiz adostu dute ETAk hildako zinegotzi sozialistaren omenezko ekitaldia ordezkapena duten udal talde guztiek.
Agentziak | Erredakzioa
Arrasateko Udalak Isaias Carrascoren omenezko ekitaldia egin du. ETAk 2008ko martxoaren 7an hil zuen zinegotzi sozialista. Lehenengo aldiz adostu dute omenaldia ordezkapena duten udal talde guztiek (EAJ, EH Bildu, PSE-EE, Baleike eta Irabazi).
Udalbatza-aretoak hartu du ekitaldia. Bertan izan dira Isaias Carrascoren alarguna eta alaba, udal taldeak eta sozialisten ordezkaritza bat, Gipuzkako PSEko idazkari nagusi Eneko Andueza, Rafaela Romero eta euskal sozialisten presidente ohi Jesus Egigurenekin.
Horiekin batera, Imanol Lasa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren bozeramailea; Aintzane Ezenarro, Gogora Institutuko presidentea; Jesus Loza, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria; Denis Itxaso, Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletako diputatua, eta Iñaki Arriola, Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburua ere ekitaldian egon dira.
Maria Ubarretxena alkateak (EAJ) eta Sandra Carrascok, Isaiasen alabak, hildako zinegotzia gogoratu dute hitzaldietan. Bere omenez plaka bat jarri dute Udaletxean.
Udalak 2016ko irailean abiatu zuen Oroimena eta Bizikidetza mahaia, ordezkapena duten indar guztiek osatuta, udalerrian gertatutakoaren memoria lantzeko helburuarekin, "bizikidetza berreraikitzeko beharrezko urrats bezala".
"Elkarrizketa biziko" hilabeteen ostean, "partekatutako oroimena eraikitzeko oinarrizko adostasuna" lortu ahal izan dute. "Arrasaten gertatu diren giza eskubideen urraketa larriei eta sufrimenduei helduko dien oroimena", esan zuen Udalak, "alderatzeko edo nahasteko asmorik gabe, baina gertatutako guztiari lekua eginez, ahaztu gabe".
Udal taldeek egutegi bat adostu dute, aitortzeko ekitaldiekin eta adierazpen instituzionalekin. Isaias Carrascori egindako omenaldia izan da lehenengoa.