Politika -
Ustelkeria
Fiskaltzak Camps auzipetu nahi du Generalitatearen kontratuen aferagatik
Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak hamar bat lagun deitu ditu deklaratzera, ikertu gisa, kontratu horien esleipenarekin zerikusia izan zutelakoan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak Francisco Camps Valentziako presidente ohia auzipetzeko eskaria aurkeztu dio gaur Auzitegi Nazionaleko Jose de la Mata epaileari, Generalitatearen eta Gürtel auzian nahasitako enpresen arteko hitzarmenetan ustezko prebarikazio eta iruzur delituak zeudela iritzita.
Auzitegiko iturriek jakinarazi dutenez, Camps ez ezik, beste hamar bat pertsona deitu ditu deklaratzera Fiskaltzak, ikertu gisa, kontratu horien esleipenarekin zerikusia dutelakoan.
Hartara, Francisco Correa Gürtel auziko buruak ere hitz egin beharko du epailearen aurrean, baita Alvaro Perez Valentziako Gürtel enpresetako arduradunak, Ricardo Costa Valentziako PPren idazkari nagusiak eta Dora Ibars Generalitateko Sustapen Instituzionaleko zuzendari nagusi ohiak ere.
Gürtel auziaren 5. atalaren baitan aurkeztutako lehendabiziko eginbidea da aipatutakoa. Hain zuzen ere, Auzitegi Nazionalaren Zigor-arloko Salak ireki zuen kasua, eta 5. zenbakiko Instrukzioko Epaitegi Zentralaren arduradunaren esku gelditu da, berriro ere.
Atal horri berrekiteko arrazoiak agertzen zituen epaiaren arabera, Correa taldeari kontratuak esleitzeko orduan Ibarsek jasotako argibideak ikertzea da helburua. Izan ere, ez dute baztertzen aholku horiek Generalitateko "agintari gorenen" eskutik heldu izana.
Epaiketa horretan, Ricardo Costak ustekabean aitortu zuen Campsek erabaki zuela 2007ko eta 2008ko hauteskundeetako kanpainetarako Correa Orange Market enpresa kontratatzea. Epaiketa berean adierazi zuen Valentziako PPren goi-kargudunek agindu zituztela kontratu horiek. Alvaro Perezek, orduan, Campsen izena aipatu zuen.
Dora Ibarsek, bere aldetik, lekuko gisa deklaratu zuen, eta ziurtatu zuen ez zela sekula Orange Marketeko inorekin bildu hauteskunde kanpainarekin zerikusia zuten gaiei buruz hitz egiteko. Halaber, ez zuela Valentziako Gobernuko PPko ordezkariekin aurrekontuen inguruan berba egin esan zuen.