Politika -

Biktimak

Martxoaren 3ko biktimak ez dira Terrorismoaren Biktimen Memorialean oroituko

Gasteizko alkatearentzat, 1976an Poliziak hildako 5 langileek leku bat behar zuten Arabako hiriburuan egongo den Terrorismoaren Biktimen Memorialean, baina Espainiako Gobernuak ez du eskaria onartu.

1976ko martxoaren 3an Gasteizen hildako bost langileak.
1976ko martxoaren 3an Gasteizen hildako bost langileak.
1976ko martxoaren 3an Gasteizen hildako bost langileak.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak ez du onartu Gasteizko alkate Gorka Urtaranen eskaria Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentroak 1976ko martxoaren 3an Poliziak tiroz hildako bost langileak oroitzeko espazioa izateko. Zentroa, izan ere, Arabako hiriburuan egongo da.

Espainiako gobernuaren ezezkoarekin, Gasteizko Udala lanean hasiko da, Gogora institutuarekin bater,a hirian beste gune bat bilatzeko. EiTBk jakin ahal izan duenez, lehen aukera San Frantzisko eliza da, baina posible ez balitz, beste tokiren bat bilatuko luke Udalak.

Edozein kasutan, martxoaren 3ko biktimen elkarteak ez zuen Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentroan egon nahi, Estatuaren indarkeriaren biktima guztiak kontuan hartzen ez diren bitartean.

"Martxoaren 3an hildako langileen oroimena bertan egon behar da"

Alkateak azaldu duenez, Gasteizen "jende askok" uste du zentroa bukatu gabe egongo dela martxoaren 3ko biktimak kontuan hartzen ez baditu.

"Orain dela 42 urte gertatutakoak iltzatuta daude Gasteizko gizartearen oroimenean, eta ez dira ahaztuko; horregatik uste dugu espazio bat behar dutela terrorismoaren biktimak aitortzeko zentro honetan", esan du, Memoriarako Zentroaren Fundazioaren Patronatuan, Madrilen.

Eraikina guztiz birgaituta dago, prest museoaren materiala jasotzeko. Bertan, San Frantzisko elizan egiten ari zen lan-asanblada bat desegitean Poliziak tiroz hil zituen bost langileak gogoratzea nahi du alkateak.

"Biktima guztientzako errespetutik abiatuta, martxoaren 3an hildako langileen oroimena bertan egon behar dela uste dugu, min bera sufritu duten biktimak direlako; bizitza kendu zieten, eta terrorismoaren biktimei bezala", azpimarratu du.

Bileran, gai-zerrendako puntu batzuetan abstenitu da alkatea. Horien artean, museoaren proiektua egiteko lizitazioan, hildako bost langileak aintzat ez hartzeagatik, Gasteizko Udalak informatu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Martxoak 3 Memoria Historikoa Polizia abusuen biktimak