Politika -
Katalunia
Kataluniako Errepublikaren Kontseilua aurkeztu dute Torrak eta Puigdemontek Bruselan
Egoitza Belgikan izango duen erakunde honen inaugurazio ekitaldian, Generalitateko presidente ohiak "batzeko" deia egin die independentistei.
Agentziak | Erredakzioa
Kataluniako Generalitateko presidente Quim Torrak eta presidente ohi Carles Puigdemontek Errepublikaren Kontseilua aurkeztu dute Bruselan. Egoitza Belgikan duen erakunde pribatua izango da, eta ez Kataluniako Gobernuarena.
800 pertsona inguru izan dira Flandriako Antzerki Errealean; tartean, Pere Aragones presidente ordea, Jordi Pugnero, Josep Bargallo, Damia Calvet eta Laura Borras kontseilariak eta Toni Comin, Lluis Puig eta Clara Ponsati kontseilari ohiak.
Gainera, Valtonyc raperoak eta Lluis Llach kantautoreak emanaldia eskaini dute.
Independentisten batasuna
Independentistei "batzeko" deia egin die Puigdemontek. "Batasun aldarri bat dago Katalunia osoan zehar, eta entzun beharko genuke. Ez badugu egiten, ez dugu politikatik egin beharrekoa egiteko autoritate morala. Eta hori gertatzen bada, autoritate morala galtzen badugu, lortu dugun guztia galduko genuke, eta hori asko da", esan du ekitaldiko azken hitzaldian.
Esan duenez, Errepublikako Kontseilua independentismoaren "batasun estrategiko hori eratzeko espazioa" da. "Espazio anitza, ahal den bezain anitza eta plurala", azpimarratu du.
Juridikoki Belgikan osatua, Kontseiluak "askeagoak" izatea ahalbidetuko die independentistei 155. artikuluaren aplikazioaren aurrean, eta "jokatzeko esparruari" jarritako "mugak" kenduko ditu, beti "Europako" Zuzenbide Estatuaren barruan.
"Erakundeak heldu ezin diren tokira joango da Kontseiluaren Errepublika", esan du.
Puigdemontek Kontseiluaren lehendakaritzan jarraituko du, eta sei hilabete eta urtebete arteko epean hauteskundeak egingo dira. Momentuz, 40.000 pertsonak eman dute izena erakundean.