Politika -
Arnaldo Otegi
Otegi: 'Lehendakariak gezurra esan du; Jaurlaritza merke-zurrean ibili da'
Otegiren ustez, autogobernuaren inguruan alderdi bien artean aurreko akordio bat egon izanak, 2019ko Aurrekontuen negoziazioen bilakaera baldintzatu du.
EiTB.EUS | Radio Euskadi
"Urkulluk orain koalizio abertzalea kritikatu arren", Aurrekontuen harira EH Bilduk Eusko Jaurlaritzarekin abiatutako negoziazioa "benetakoa" izan dela esan du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. Eusko Jaurlaritzak bost proposamen helarazi zizkiela, baina horietako batek ere ez zuela EH Bilduren eskakizunei erantzuten salatu du Otegik; eta, hortaz, negoziazioen hasieratik Eusko Jaurlaritza "mugitu ez dela" kritikatu du koalizo abertzaleko koordinatzaile nagusiak Radio Euskadiko Boulevard saioan. Ildo horretan, "Jaurlaritzak Patronalari, CEBEKi, men egitea eta Aurrekontuak luzatzea nahiago izan duela" esan du.
Otegiren ustez, autogobernuaren inguruan alderdi bien artean aurreko akordio bat egon izanak, 2019ko Aurrekontuen negoziazioen bilakaera baldintzatu du. "EH Bildurekin akordio berri bat adosteak, lehendakariak nahi ez dituen dinamikak martxan jarriko lituzke; eta hori da, hain zuzen, oinarrizko arrazoia", azaldu du. Hori horrela, "Urkullu gezurretan ari da pentsioen inguruan hitz egin ez dela esaten duenean", esan du. "Norbaitek gezurra esaten duenean, ahula dela esan nahi du", gaineratu du.
Andoni Ortuzarrek EH Bilduren baitan desadostasunak izan direla esan ostean, Otegik "eztabaida eman dela" azaldu du, baina "EAJn ere eztabaidak ematen direla" gaineratu du. Bestalde, EH Bilduk aurrekontuen proiektuan barneratu nahi zituen proposamenak Eusko Legebiltzarrera eramango dituela azaldu du Otegik, "gaiak eztabaidatzeko eta alderdi bakoitzak noraino heldu nahi duen argi gelditzeko".