Politika -

Lledonersko espetxea

Gose-greban dauden presoek Europako buruzagi nagusiei 40 gutun bidali dizkiete

Datozen egunetan Kataluniako preso independentistek helegitea aurkeztuko dute Estrasburgoko Auzitegiaren aurrean, nahiz eta oraindik Espainian bide arruntak ez agortu.

Jordi Pina abokatua eta Pilar Calvo gose-greban dauden presoen bozeramailea. Argazkia: EFE
Jordi Pina abokatua eta Pilar Calvo gose-greban dauden presoen bozeramailea. Argazkia: EFE
Jordi Pina abokatua eta Pilar Calvo gose-greban dauden presoen bozeramailea. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gose-greban dauden lau preso independentistek Europako buruzagi nagusiei 40 gutun baino gehiago bidali dizkiete gaur Lledonersko (Bartzelona) espetxetik, Auzitegi Konstituzionalaren “blokeoa nazioartean” salatzeko. Auzia Estrasburgoko Auzitegira eramango dutela jakinarazi dute.

Jordi Turull, Jordi Sanchez, Josep Rull eta Joaquim Forn presoen egoera aztertzeko prentsaurrekoa eman dute gaur, Madrilgo Blanquerna Kultura Zentroan. Horrela, Estrasburgoko Auzitegiaren aurrean helegitea aurkeztuko dutela jakitera eman dute, nahiz eta oraindik Espainian bide arruntak ez agortu.

Pilar Calvo gose-greban dauden presoen bozeramaileak azaldu duenez, EBko herrialdeen agintariei eta Europako Kontseilu, Batzorde zein Parlamentuko presidenteei bidalitako eskutitzen berri eman diote Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari.

Eskutitzean, kartzelan preso dauden bederatzi pertsonen inguruan, prozedura judizialean oinarrizko eskubideen “urraketa oso larria” ematen ari dela ziurtatu dute, eta “egoera bidegabea” Espainiako organo judizialen “politizazioagatik”.

Calvoren hitzetan, gose-greban diren lau presoak “indartsu, sendo eta kementsu” daude. Turull bakarrik erizaindegira eraman behar izan dutela gogorarazi du. Sanchezekin batera hasi zuen protesta, eta dagoeneko 17 egun eman dituzte gose-greban. Turullek bisitak jasotzen eta bere defentsan lanean jarraitzen du, Calvok erantsi duenez.

Hain zuzen ere, Oriol Junqueras presidenteorde ohia eta beste 17 akusatuak epaitzeko eskumena duen ala ez aztertu behar du Auzitegi Gorenak astearte honetan, azken urratsa datorren urtean epaiketa hasi baino lehen.

Auzitegi Konstituzionalaren “atzerapen taktikak” Europako justiziara jotzeko eskubidea urratzen duen ebazteko, datozen egunetan Giza Eskubideen Europako Auzitegira (GEEA) joateko aukera aztertzen ari direla ziurtatu du Jordi Pina abokatuak.

Herrialdeko bide judizialak amaitu baino lehen Estrasburgoko Auzitegiaren “aurrekaririk ez” dagoela onartu du Turull, Sanchez eta Rullen abokatuak, baina Espainiako jurisdikzioan baliabide guztiak “dezente” agortu dituztela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Europar Batasuna Grebak Kataluniako erreferenduma Europa Eguneko albisteak Albisteak Espetxeak Kataluniako prozesua zuzenean Estrasburgoko Auzitegia epaiketak