Politika -

Espetxe politika

Txus Martin presoa jasaten ari den egoera larria salatu du Sarek

Presoa Txagorritxuko ospitalera eraman dute, bihotzeko ebakuntza bat egiteko. 16 urte daramatza espetxean, gaixotasun larria duen arren.

Sareren bozeramaileak Txagorritxu ospitalearen aurrean. Argazkia: Sare
Sareren bozeramaileak Txagorritxu ospitalearen aurrean.
Sareren bozeramaileak Txagorritxu ospitalearen aurrean. Argazkia: Sare

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txus Martin presoa jasaten ari den egoera larriaz ohartarazi eta Espetxeetako Zuzendaritzak gaixotasun larriak dituzten presoekin izaten ari den jarrera salatu du Sarek.

Martin Zaballako espetxean ari da ezarritako zigorra betetzen. Gaur bihotzeko ebakuntza bat egingo diote Txagorritxuko ospitalean, bere osasun egoerak okerrera egin duelako. Bihotzeko gaitzaz gain, eskizofrenia eta antsietatea ere pairatzen ditu.

Joseba Azkarraga eta Inaxio Oiartzabal Sareko bozeramaileek agerraldia egin dute erietxearen aurrean, Martin jasaten ari den tratu "ankerra" salatzeko. Egoera larrian egon arren, konfiantzazko psikologoaren laguntza izateko aukera ukatu diotela jakinarazi dute.

Martinek 16 urte daramatza kartzelan eta horietako bost isolamenduan pasatu ditu. "Sakabanaketak, espetxeko bizi-baldintzak eta urteetan bakartuta egon izanak bere osasun egoera larrian eragin zuzena izan du", kritikatu dute.

Gaixotasun larria eta sendaezina duela kontuan hartuta, 2011n, baldintzapeko askatasuna eskatu zuen Martinek, baina aukera hori ukatu egin zioten. 2014an, ostera, espetxeratze arindua galdegin zuen, baina eskaera hori ere atzera bota zuten.

Espetxe-politikan aldaketak iragarri bazituen ere, Pedro Sanchezen Gobernuak euskal presoen aurkako "salbuespeneko eta mendekuzko" neurriak mantentzen dituela salatu dute Azkarragak eta Oiartzabalek.

Gaixotasun larriak dituzten euskal presoak 21 direla gogoratu eta haien biziak arriskuan daudela ohartarazi dute.

Gauzak horrela, euskal presoen eskubideen defentsan mobilizatzea ezinbestekoa dela azpimarratu eta urtarrilaren 12an Bilbon deitu duten manifestazioan parte hartzeko deia zabaldu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Presoak Eguneko albisteak Albisteak