Politika -

KRISIA NAFARROAKO AHAL DUGUN

Talde parlamentarioaren izen aldaketak eragin omen du Nafarroako Ahal Duguren krisia

Ainhoa Aznarezek Orain Bai talde parlamentarioaren izen aldaketaren aurka jarritako salaketarekin lotu dute kritikoek Ahal Duguko hiru kide ofizialisten kanporatzea.

Orain Baiko Laura Perez, Carlos Couso, Fanny Carrillo eta Ruben Velasco. Argazkia: EFE
Orain Baiko Laura Perez, Carlos Couso, Fanny Carrillo eta Ruben Velasco.
Orain Baiko Laura Perez, Carlos Couso, Fanny Carrillo eta Ruben Velasco. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urak arre, Nafarroako Ahal Dugun. Aznarez, Saez eta Buil talde parlamentariotik botatzeko erabakiaren biharamunean, azalpenak eman dituzte gaur Orain Baiko diputatuek. Azaldu dutenez, Ahal Dugu taldeari izena aldatzearen kontra Ainhoa Aznarez Parlamentuko presidenteak aurkeztutako salaketa izan da kanporatzearen arrazoia.

Carlos Couso Orain Bairen bozeramailea prentsaurrekoa azaldu da gaur, Fanny Carrillo, Ruben Velasco eta Laura Perez ondoan zituela. Horren ustez, hiru diputatuak taldetik baztertzeak ez dio Nafarroako Gobernuari kalterik egingo, legegintzaldiko gairik garrantzitsuenak "konponduta" daudelako.

"Denetik jasan behar izan dugu. Aldaketaren bahituak sentitu gara, eta horregatik ez dugu erabakia lehenago hartu", erantsi du.

Cousok aitortu duenez, hiru parlamentariak baztertzeko erabakia "ez da erraza izan" eta "mingarria da", baina ez omen dute "beste aukerarik izan". Orain Baiko kidearen esanetan, "jendea apur bat harrituta egongo da, eta barkamena eskatu nahi dugu horregatik".

Aznarez, kritika guztien jomuga

Cousok Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentea estu hartu du. Salatu duenez, bera buru den erakundearen aurka joateaz gain, Parlamentuko  gaien zerrenda "manipulatu" du, "berari interesatzen ez zitzaizkion gaiak aterata". "Utzikeriaz jardun du Aznarezek bere postuan", erantsi du.

Aznarezek egindako salaketari —Orain Baiko kideek talde parlamentarioaren dirua eskuratu nahi dutela esan zuen atzo— erantzunez, Cousok esan du ez dutela "inoiz zentimo bakar bat ere" erabili eta aurrerantzean ere horrela jarraituko dutela.

Are, diru-laguntzak blokeatuta ez zeudenean, Nafarroako Ahal Duguk diru hori —18.000-20.000 euro artean hilero— nominak ordaintzeko erabiltzen zuela salatu du. "Liberatu gehien dituen alderdia izan daiteke Nafarroako Ahal Dugu", erantsi du ironiaz.

Krisiaren lehen eragilea Eduardo Santos idazkari nagusi aukeratu zutenekoa izan zela azaldu du Cousok ("sekulako hauteskunde-iruzurra", horren ustez). Gogora ekarri duenez, 28 botoko aldeagatik irabazi zion Santosek Laura Perezi. "Bozketa sistema telematikoa Madriletik kontrolatzen dute, eta egun hartan Perezen aldeko askok ezin izan zuten botoa eman. Mikel Buil hauteskunde batzordeko idazkari nagusiak ez zuen ezertxo ere egin gure salaketen aurrean", azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroako albisteak Alderdi politikoak bideoak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Nafarroako Parlamentua Nafarroako Podemos gaur