Politika -
Ustelkeria
Ana Botella etxebizitza publikoak legez kanpo saltzeagatik zigortu dute
Madrilgo alkate ohiak eta bere udal-gobernuko sei zinegotzik 22,7 milioi euroko zigorra ordaindu beharko dute, etxebizitza publikoak diru-funts putre bati saltzeagatik.
EUSKADI IRRATIA
Ana Botella Madrilgo alkate ohiari eta bere gobernu taldean izandako sei zinegotziri 22,7 milioi euro ordaintzeko zigorra ezarri die Diru Kontuen Auzitegiak etxebizitza publikoak diru-funts putre bati saltzeagatik.
Zigorra jartzeko etxebizitzen salmenta merkatuko eta kontulari prezioaren azpitik egin zela argudiatu du epaitegiak. Zigortuek, hala ere, erabakiaren aurkako helegitea aurkeztu dezakete.
Diru Kontuen Auzitegiaren epaiaren arabera, 2013. Urtean, Madrilgo alkatea zela, Ana Botellak eta bere udal-gobernuko sei zinegotzik etxebizitza publikoen 18 sustapen saldu zizkioten diru-funts putre bati.
Legez kanpo jokatuz, lehiarik gabe eta merkatuko eta kontulari prezioaren azpitik egin zioten salmenta Fidere funtsari, 128 milioi euroren truke. Alabaina, modu horretan 25,7 milioi euroko galera eragin zioten Madrilgo diru-kutxa publikoari, ebazpenaren arabera.
Hori guztia aintzat hartuta, Botellari eta bere taldeko sei zinegotziri 22 milioi eta 700 mila euro ordaintzeko zigorra ezarri die Diru Kontuen Auzitegiak.
Bestalde, Fermin Oslé Uranga Madrilgo etxebizitza eta lur-sailen udal enpresako aholkulari delegatu izandakoa hiru milioi eta 40 mila euro ordaintzera zigortu du.
Zigortu guztiok aurreratu dutenez, epaiaren aurkako helegitea aurkeztuko dute, eta gogoratu dute Fiskaltza zigorrak ezartzearen aurkakoa zela, kontuen inguruko ardurarik ez baitzuen ikusten.