Politika -
Balantzea
PSEren eta PPren ustez, azken biak urte onak eta 'lasaiak' izan dira
Pastorren esanetan, egindako apustuetan "irabazten" ari da Patxi Lopezen Jaurlaritza. Basagoitik azpimarratu du ETAren amaiera "inoiz baino gertuago" dagoela, "demokraten lanari esker".
Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeak izan zirenetik bi urte bete dira, eta alderdi politikoek haien balorazioak egin dituzte. PSEren eta PPren ustez, urte onak izan dira.
Pastor sozialistaren esanetan, egindako apustu guztietan irabazten ari da Patxi Lopezen Jaurlaritza. Basagoiti popularrak esan du "demokraten lanari esker", ETAren amaiera "inoiz baino gertuago" dagoela.
Jose Antonio Pastorrek (PSE), Bilbon egindako agerraldian, EAEko erakundeak "deslejitimatzea" leporatu dio EAJri, hainbat erabaki "Madrilgo Gobernuaren esku jartzen dituelako".
Sozialisten ordezkariaren esanetan, bakegintzan, krisi ekonomikoan, elkarrizketa sozialean eta ongizatean egindako apustuak "irabazten" ari da Eusko Jaurlaritza. Horrek "lasaitasuna ematen die herritarrei", bere hitzetan.
Horregatik, "barregarri" jo ditu EAJk Jaurlaritzaren eguneroko jardunari buruz egindako kritikak.
Pastorrek "zero bat" jarri dio jeltzaleek egiten ari diren oposizio lanari eta "erakundeak deslejitimatzea" leporatu die EAJko kideei, tartean hauteskundeak aurreratzea eskatzeagatik eta "hainbat erabaki garrantzitsu" Espainiako Gobernuaren esku uzteagatik (kutxen bat egitearen inguruan egin ditu adierazpenok).
EAJren barruan "lidergorik" ez dagoela uste du Jose Antonio Pastorrek. Sozialistaren iritziz, Urkullu "presidente nominala" besterik ez da jeltzaleen alderdian, "benetako presidentea Egibar jauna delako".
Bestalde, Basagoitik esan du ETAren amaiera "hurbilago badago", demokraten lanari esker dela.
Zentzu honetan, azken bi urteak Euskadin, politika arloan bizi izan diren "lasaienak" izan direla adierazi du popularren buruak. Hori, PPk eta PSEk adostutako akordioari esker lortu dela gaineratu du Basagoitik.
"Gaur, ETAri amaiera emateko oinarri sendoak badaude, demokraten lanari esker da", Basagoitiren ustez. Oinarri hauekin, Patxi Lopezen Gobernuaren iharduera "hobea izan beharko luke", bere esanetan.
Horregatik, "aurrera egiteko", demokraten exigentzia maila "handitzearen alde" agertu da. Ezker abertzalearen alderdi berriari buruz, "orain arte egin ez dutena, aurrerantzean ere ez dutela egingo" nabarmendu du Basagoitik.