Politika -

Indarkeria matxista

Biktimen babesean 'atzerapausorik' ez duela emango azpimarratu du PPk

EH Bilduk itunen eta “legitimoa denaren” inguruko “lezioak” ematea kritikatu du Carmelo Barrio legebiltzarkideak.

Carmelo Barrio PPko legebiltzarkidea (eskuinean). Irudia: Radio Euskadi
Carmelo Barrio PPko legebiltzarkidea (eskuinean). Irudia: Radio Euskadi
Genero indarkeriaren inguruan PPk emandako atzerapausoa gogor salatu dute

1:26

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Genero indarkeriaren biktimak babesteko orduan bere alderdiak “atzerapausorik” ez duela emango esan du Carmelo Barrio PPko legebiltzarkideak, baina “diru-laguntzak hobetzea eta beste kolektibo batzuetara zabaltzea beste kontu bat da”.

Andaluzian PP, Ciudadanos eta Vox izaten ari diren negoziazioak hizpide izan ditu Barriok Radio Euskadin. Genero indarkeriaren legearen inguruko akordio posible batean izan dezakeen eragina aztertu du legebiltzarkideak.

“Aurreneko jarrerak PPk oso argi ditu. PPk ez du atzerapausorik emango genero indarkeriaren biktimak babesteko orduan. Hori ez du egingo, batere, eta mundu guztia ziur egon behar da”, azpimarratu du.

Testuinguru horretan, indar politiko guztiak batzen dituen gai bat dagoela errepikatu du: “genero indarkeriaren aurkako Estatu ituna”. “Itun baten beharra legez besteko proposamen baten bidez abiatu zen Kongresuan, 2016an. Harrezkero, pauso garrantzitsuak eman dira, eta iragan abuztuan akordio bat lortu zen, Kongresuak aho batez onartuta. Itun hori da balio diguna”, erantsi du.

 

"Estatu gaietan ezin da ezer politikoki laga"

 

Barrioren ahotan, itun horren barruan “Estatu gaietan ezin ezer da politikoki laga”. “Beste kontu bat da diru-laguntzak hobetzea, indarkeriaren esparruan beste kolektibo batzuetara zabaltzea. Emakumeak gaitzaren ardatza eta oinarrizko biktimak dira, baina gizonak, adinekoak, adingabeak ere izan daitezke”, azaldu du. “Babesa hobetzeaz ari gara”, gaineratu du. “Biktima nagusien, emakumeen, babesean atzerapausorik ez da emango; hori da oinarrizkoa”, adierazi du.

Une honetan Andaluzian “PPren eta Ciudadanosen arteko akordio” bat dagoela gogorarazi ondoren, EH Bilduk itunen eta “legitimoa denaren” inguruko “lezioak” ematea kritikatu du Barriok.

“ETAk eragindako emakumeen hainbat hilketa ez ditu oraindik gaitzetsi; kasu askotan zuzeneko biktimak, edo biktimen emazteak eta amak. Genero indarkeriaren itunen inguruan hitz egiteko batere legitimitaterik ez du Bilduk”, salatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Indarkeria matxista Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Matxismoa Feminismoa