Politika -
ANDALUZIA
Genero indarkeriaren aurkako legea edota 52.000 etorkin kanporatzea eskatu du VOXek
Santiago Abascalen alderdiak 19 neurri jarri ditu mahai gainean, Andaluzian PPren eta Ciudadanosen gobernua babestearen truke. Halaber, Memoria Historikoaren legea indargabetzea ere eskatu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
VOX alderdi ultraeskuindarrak 19 neurri jasotzen dituen dokumentua aurkeztu du, Juanma Moreno 'popularra' buru izango lukeen PPren eta Ciudadanosen gobernua babestearen truke. Besteak beste, genero indarkeriaren, Memoria Historikoaren eta LGTBI kolektiboaren eskubideak bermatzen dituen legeak indargabetzea edota 52.000 etorkin kanporatzea eskatu du.
Andaluziaren Eguna urtarrilaren 2a izatea ere nahi du (Errekonkista burutu zen eguna), otsailaren 28a beharrean (Autonomia Estatutua onartu zen eguna).
Halaber, osasun, hezkuntza edota eta justizia alorreko eskumenak Estatuari itzultzearen aldeko deklarazio instituzionala onartzea galdegin dio Andaluziako Juntako presidentziari.
Gainera, beherapen fiskal nabarmenak eta Andaluziako irrati telebista publikoaren gastua erdira murriztea aldarrikatzen du.
Horrez gain, Andaluziako Juntak VOXen aurkako diskurtsoak gaitzestea ere nahi du.
PPren esanetan, VOXek jarritako baldintzak "onartezinak" dira.