Politika -

61eko Salan

Fiskaltzak Sorturen aurkako salaketa aurkeztu du, Auzitegi Gorenean

Helburua, ezker abertzalearen alderdi berria Barne Ministerioko alderdi politikoen zerrendan erregistratzea galerazi.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fiskaltzaren ordezkari batek eguerdiko 13:30etan aurkeztu du Auzitegi Gorenean Sorturen kontrako salaketa, 61eko Salan. Helburua, ezker abertzalearen alderdi berria Barne Ministerioko alderdi politikoen zerrendan erregistratzea galerazi. Auzitegi Gorenaren 61. Salak goizeko 10:00etan hasiko du bihar salaketa honen inguruko bilera berezia.

Zentzu honetan, alderdi berri honek Batasunaren inguruko erabakia "urratu" egingo lukeela uste du Fiskaltzak.

Iragan asteko asteartean ETAren ''Otazua'' taldeko ustezko lau kideen atxiloketaren aurrean Sortuk adierazpenik ez zuela egin nabarmendu du Fiskaltzak. Ostegunean, Auzitegi Goreneko 61. Salak Estatuko Abokatutzak aurkeztutako helegitea tramitera onartu zuen.

Aurkeztutako salaketan ETA eta Batasuna Sorturekin erlazionatzen duten bederatzi "zantzu" aipatu ditu Fiskaltzak.

Orotara 168 orriko salaketa aurkeztu dute Auzitegi Gorenean, Sortu alderdi politikoen erregistroan ez egoteko eskatuz. Horrez gain, ezker abertzalearen alderdiaren "iharduera politikoak" saihesteko eskatu du Fiskaltzak.

Ohar batean aipatu duenez, Sortu Batasunak "sortutako, diseinatutako eta onartutako" egitasmoa da, "hauteskundeetan parte hartu ahal izateko eta bizitza publikoan egoteko helburu bakarrarekin".

Dokumentuak ETAren ekimenen eta Sorturen arteko loturak ere aztertu ditu, batez ere poliziak egindako azken atxiloketen ingurukoak eta kale borrokari dagozkionak.

"ETAren ekimen terroristak argi eta garbi eta publikoki gaitzestea zen Batasunarengandik eta ETArengandik erabat aldentzeko zeukaten aukera bakarra, eta hori ez da gertatu", azaldu du Fiskaltzak.

Sorturen aurkezpen ekitaldian hitz egin zuten hiru pertsonak ere aipatu ditu Fiskaltzak ETArekin eta Batasunarekin dauzkan loturak argudiatzeko.

Ekitaldi horretan Batasuneko ordezkari garrantzitsuen parte hartzea nabarmendu du Ministerio Publikoak aurkeztutako salaketan. Sortu alderdi berria sortzeko prozesua 2010. urteko lehen hilabeteetan hasi zutela azpimarratu Fiskaltzak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea