Politika -
Euskararen Lege berria
Euskarak Nafarroan duen estatus legala aztertzeko eskatu du Batzorde Bereziak
Zonifikazioari amaiera ematea eta euskararen ofizialtasuna lurralde guztira zabaltzea aztertu eta erabaki beharko dute talde parlamentarioek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskararen Lege berria egiteko ardura duen Batzorde Bereziak erabaki du euskarak Nafarroan duen estatus legala aztertu egin behar dela.
Batzorde Bereziaren ondorioak biltzen dituen dokumentua onartu dute gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Orain Bai eta Ezkerraren aldeko botoekin. UPNren babesarekin, PSNk boto partikularra aurkeztu du, 1986tik indarrean dagoen Euskararen Legeak egun balioa galdu ez duela defendatuz.
Orduz geroztik 30 urte baino gehiago igaro direla kontuan hartuta, Batzorde Bereziak bere dokumentuan dio euskararen estatusa aztertzeko unea iritsi dela eta eginkizun hori talde parlamentarioei dagokiela.
Bere erabakia argudiatzeko, Batzordeak hainbat akordio aipatzen ditu txostenean, besteak beste, Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna (1992), Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsala (1996) eta Hizkuntza Eskubideen Protokoloa (2017).
Halaber, harreman sozialak eta instituzionalak aro berrira egokitu behar direla esaten du.
Bestalde, Batzordeak dio 1986ko Euskararen Legeaz baliatuta egin zela euskararen zonifikazioa Nafarroan, baina gogoratu du inoiz ez direla azaldu zeintzuk izan ziren horretarako irizpideak eta arrazoiak. "Garai hartako Gobernuan egon zirenak ere ez dira gai izan zonfikazioaren arrazoi zientifiko eta teknikoak azaltzeko", azpimarratu du.
Eztabaida honen guztiaren oinarrian zonifikazioa bertan behera uztea eta euskararen ofizialtasuna Nafarroa guztira zabaltzea dago. Batzorde Bereziak dio Nafarroako Parlamentuak inoiz ez duela esplizituki adierazi ofizialtasunaren alde dagoela, "baina gehiengoak ez du aukera hori baztertu".
Horrenbestez, euskararen ofizialtasuna lurralde guztian ezartzea "erabaki politikoa eta instituzionala" dela azpimarratu du, "eta gai horren inguruan ikuspuntu ezberdinak egotea ezin daiteke oztopo izan" ofizialtasuna ezartzeko.