Politika -
Erial auzia
Behin-behinean aske geratu da Eduardo Zaplana
Francisco Grau abokatua eta Joquin Barcelo Terra Miticako zuzendari ohia ere aske utzi ditu epaileak. Ihes egiteko arriskua murriztu egin dela argudiatu dute horretarako.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eduardo Zaplana Valentziako Generalitateko presidente ohia, Francisco Grau abokatua eta Joaquin Barcelo Terra Miticako zuzendari ohia behin-behinean aske uztea erabaki du Erial auzia instruitzen duen epaileak.
Epaitegiko iturriek jakinarazi dutenez, ihes egiteko arriskua murriztu delako hartu du erabaki hori epaileak.
1997an, Zaplanak Generalitatea zuzentzen zuzenean, ustez Ibilgailuen Azterketa Teknikoetatik eratorritako komisioak kobratzeagatik abiatu zuten Erial auziarekin lotutako ikerketa.
Juan Cotino Les Cortseko presidente ohia eta Poliziaren zuzendari nagusi izandakoa da, Rosa Barcelo Zaplanaren emaztea eta Mitsuko Henriquez presidente ohiaren idazkaria ere ikertu dituzte.
Zaplana iazko maiatzaren 24an atxilotu zuten. Ondoren, behin-behineko espetxealdia ezarri zioten Picassenten (Valentzia). Alabaina, abenduaren 18tik Valentziako La Fe ospitalean dago ingresatuta, leuzemiak eragindako konplikazioengatik. 2015ean hezur-muineko transplantea egin zioten, arrazoi berberagatik.