Politika -
Hauteskundeak, maiatzean
Sortu: 'Alderdiaren legalizazioak ETAren desagerpena azkartuko du'
Fiskaltzak eta Estatuko Abokatutzak aurkeztutako salaketei Auzitegi Gorenaren aurrean bere alegazioak erregistratu ditu Sortu alderdiko ordezkari batek.
Erredakzioa
"Sorturen legalizazioak Euskal Herrian eta Estatuan ETAren biolentzia desagerrarazten lagunduko du", esan su Sortuk gaur Auzitegi Gorenaren aurrean aurkeztutako alegazioen txostenean.
Sortuk dio ez duela "inolako antzik" iraganeko Batasunarekin; izan ere, "Batasuna ohiaren oinarrizko osagaiak aldatu dituzte". Halaber, berretsi dute alderdiak ez duela indarkeriarekin zerikusirik.
Era berean, bere estatutuak "erretorika formal hutsa" ez direla ziurtatu dute. "Indarkeriarekin hausteko konpromisoa eta jarrera erakusten dute estatutuek". "Berez ez dute helburu hori lortuko dutenik ziurtatzen, baina ETAren indarkeriari bukaera jartzeko tresna erabilgarri dira", gaineratu dute.
Ildo horretan, "Sorturen estatutuek indarkeriaren kulturaren desagerpena sustatzen dute euskal gizartean", azpimarratu du Sortuk. Fiskaltzak eta Estatuko Abokatutzak Sorturen aurka aurkeztutako salaketei alegazioak aurkeztu dizkie gaur, asteartean, Sortuko ordezkari batek. Estatuaren Abokatutzaren eta Fiskaltzaren arabera, legez kanpo jo zuten Batasunaren jarraipena da Sortu.
"Euskadin eta Estatuan indarkeriaren amaierara heltzen lagunduko dute Sorturen estatutuek eta legalizazioak, indarkeria praktikatzen dutenei espazio sozial eta politikoa behin betiko murrizten dietelako, eta desagertzeko prozesua edonola azkartuko du", diote alegazioek. Era berean, Sortu Batasunaren jarraipena denik ukatzen dute arrazoibideek. Izan ere, estatutuek "legez kanpo utzitako alderdiekin haustura organiko eta funtzional bat" suposatzen dute. "Batasuna berriz sortzea edo berrantolatzea ez da asmoa, ez formalki ezta itxura aldatuz ere; ETA desagertu edo ez juridikoki eta materialki ezinezkoa izango delako. Batasunaren antzik ez du, alderdi horren oinarrizko elementuak aldatu direlako", azaltzen du idazkiak. Estatuko Abokatutzak eta Fiskaltzak "existitzen ez diren errealitateak neurrigabe puztu" dituztela diote Sorturen abokatuek. Demandetan "baldintza juridiko berriak" txertatu dituztela salatu dute, muga oso goian jarriz, "Euskalduna jauregiko ekitaldia baino lehen Gobernuak eta Fiskaltzak eskatzen zutenaren oso gainetik". "Ezker abertzaleak ETAren indarkeria gaitzetsi edo arbuia dezake, baina ezin du desagertarazi", erantsi dute abokatuek. Horregatik, elkarte horretako oinarrizko eskubideak eta parte-hartze politikoa mugatzerik ez dagoela uste dute abokatuek.
13:00 aldera, Sortuko ordezkari batek Auzitegi Goreneko egoitzara hurbildu eta bertan, alegazioak erregistratu ditu. Sorturen erregistroa bertan behera utzi dago, Fiskaltzaren eta Estatuko Abokatutzak aurkeztutako salaketa Auzitegi Gorenean onartu zutenetik.
Alegazioak aurkezteko azken eguna
"Prozesua eta foru eta udal hauteskundeak bateragarriak izan daitezen", ebazpena ahalik eta lasterren aterako duela eman du jakitera Auzitegi Gorenak. Horrela, datorren martxoaren 28rako espero da ebazpena. Auzitegi Gorenak alegazioak aurkezteko Sorturi emandako epea gaur, asteartean, amaitu da.
Iturri judizialek jakitera eman dutenez, baliteke epaileak bihartik aurrera biltzea, prozedurari hasiera emateko.