Politika -

A28 hauteskundeak

Artadiren ahotan, Sanchezek 'estetika adorearen' aurretik jarri eta 'porrot' egin du

Generalitateko Presidentetza kontseilariaren hitzetan, Katalunia ez da PSOEren edo PPren, Pedro Sanchezen ala Mariano Rajoyren, “arazo bat, Estatuaren” arazo bat baizik.

Elsa Artadi Generalitateko Presidentetza kontseilaria. Argazkia: EFE
Artadiren ahotan, Sanchezek 'estetika adorearen' aurretik jarri eta 'porrot' egin du
Elsa Artadi Generalitateko Presidentetza kontseilaria. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuaren “porrota” kritikatu du Elsa Artadi Generalitateko Presidentetza kontseilariak. Artadiren esanetan, Kataluniako gaiari heltzeko orduan, “estetika adorearen” aurretik jarri du Sanchezek. Bestalde, independentismoak hauteskundeetan “indarra” irabaztea “sekula baino garrantzitsuagoa” dela azpimarratu du Artadik.

Generalitateko jauregian agerraldia egin du Governako bozeramaileak, Sanchezek hauteskundeak apirilaren 28rako deitu ondotik. Espainiako gobernuburuaren “porrota eta kemen falta” kritikatu ditu Artadik. Zentzu horretan, zentsura-mozioa “zarrasteldu” eta PP, Ciudadanos eta Voxen presioen aurrean “etsi” duela salatu du.

Hauteskunde orokorretan, independentismoak nolako formatua erabiliko duen ez du zehaztu JxCateko parlamentariak, baina soberanistak Kongresuan izatea eta “ahalik eta indarrik handiena” lortzea “sekula baino garrantzitsuagoa” dela nabarmendu du, autodeterminazioa aldarrikatzeko eta “errepresioa” salatzeko orduan “bozgorailua” izateko.

Artadiren ustez, “demokraziaren Gobernurik laburrena” amaitu ondoren, egiaztatu da Katalunia ez dela PSOEren edo PPren, Pedro Sanchezen ala Mariano Rajoyren, “arazo bat, Estatuaren” arazo bat baizik. Sozialistek, aldiz, gatazka konpontzeko “erabakiak hartu” beharrean “estetika” nahiago izan dute.

Azkenik, “Kataluniari sorbalda emanda gobernatzen den bitartean, Espainian ez da egonkortasunik izango”, ohartarazi du Generalitateko bozeramaileak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Hauteskunde orokorrak Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak