Politika -
A28 HAUTESKUNDEAK
Euskadin 'EAJri esker' dauden 'egonkortasuna eta akordioak' nabarmendu ditu Goiak
Donostiako alkate eta EAJren alkategaiak "hilabete biziak" datozela esan du, eta "errezeta onena EAJ" dela gaineratu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eneko Goia egungo Donostiako alkate eta EAJren alkategaiak datozen maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundeetarako izango duen zerrenda aurkeztu du gaur Miramongo Parke Teknologikoan egindako ekitaldian. Bertan, hiriari buruz hitz egin du, baina hitzordu horren aurretik, apirilaren 28an izango diren hauteskunde orokorrei buruz ere aritu da, "hilabete biziak" datozela esan du, eta "errezeta onena EAJ" dela gaineratu du.
"Espainian datozen hilabeteetan ikusiko ditugun liskar, irain, elkarrizketarik eza, hots eta ernegazioen aurrean, Donostian eta Euskadin egonkortasunaren, akordioen eta aurrerapausoan bidetik jarraituko dugu, EAJren kudeaketa onari esker" nabarmendu du.
EAJren hautagaiak mezu argia eman nahi izan du: "Maiatzaren 26an atzera egin nahi dutenen eta aurrera egin nahi dugunon artean erabaki beharko da. Eta argi eta garbi esan behar da hemen gauzak ondo egiteko bermenik onena EAJ dela" amaitu du.