Politika -

Maiatzeko hauteskundeak

Ezker abertzalea, EA eta Alternatiba akordio elektorala ixtear daude

Balizko ezadostadunek "ez dute akordio orokorra zalantzan jarriko". Ezadostasun baten aurrean, zinegotziek boto askatasuna izango dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ezker abertzalea, Eusko Alkartasuna eta Alternatiba datozen hauteskundeetara batera joateko akordioa ixtear daude eta, dagoeneko, hauteskunde zerrenden inguruko dokumentua prest dute. Horren arabera, hautagaiak euskaldunak izango dira eta gizonezkoen eta emakumezkoen arteko parekotasuna errespetatuko dute.

"Herri Akordioa" dokumentuan, Efe albiste agentziaren arabera, "hauteskundeetara batera aurkezteko" akordio hori "herri mailan" nola gauzatu azaltzen dute.

Dokumentuak ez ditu gai ideologikoak jorratzen, politikaren egunerokoari ematen dio garrantzia; programa eta zerrenda elektoralak nola egin, esaterako.

Hiru alderdiek akordio bat aurkeztu zuten iragan otsailaren 16an, Gasteizen. Han komentatutakoaren arabera, elkarleanean aritzeko konpromisoa hartzen zuten epe luzean "Euskal Herriaren subiranotasuna" erdiesteko, baina "indarkerian oinarritutako adierazpenak eta ekintzak" baztertuz.

Orain, ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak hurrengo hauteskundeei begira akordio hori nola gauzatu esaten duten: "oinarrizko programa bat adostuko da, herri guztietan oinarri izango dena; programa horretako ardatza nagusiak ez dira herrietan eztabaidagai izango".

Herrietan sortu daitezkeen ezadostasunen inguruan zer egin ere eztabaidatu dute hiru alderdiek. Ezadostasun horiek ez dute "inoiz akordio orokorra zalantzan jarriko". Gauzak horrela, eta momentuko ezadostasunen aurrean, herri bakoitzeko zinegotziek botoa emateko askatasun osoa izango dute.

Ezadostasun horiek pribatuan eztabaidatuko dituztela gaineratzen dute dokumentuan, eta ondorioz "ezadostasunak ez dira publikoki eztabaidatuko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea