Politika -

'Proces' auziko epaiketa

Forcadell: 'Eztabaida parlamentarioa ezin da debekatu'

Bestalde, Jordi Cuixartek defendatu du U1ekoa dela "inoiz Europan egon den desobedientzia zibilaren adierazle nagusia", eta Espainia horretaz harro egon beharko litzatekeela.

Carme Forcadell, epaiketan. Argazkia: EFE
Carme Forcadell, epaiketan
Carme Forcadell, epaiketan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako prozesu independentistaren aurkako epaiketaren zazpigarren saioan, Jordi Cuixartek eta Carme Forcadellek deklaratu dute.

Kataluniako Parlamentuko presidente ohiak esan du independentzia aldarrikapena "eragin juridikorik gabeko adierazpen politikoa" izan zela.

Espainiako Gobernuak ezarri zuen 155. artikulua salatzeko eta Katalunian prozesu konstituziogile bat abiaraztearen alde, bi ebazpen onartu zirela eta independentziari buruzko adierazpena testu horien hitzaurrean sartu zutela azaldu du.

"Adierazpen politikoa izan zen, baina ez zen erregistratu. Hortaz, ez da existitzen eta Auzitegi Konstituzionalaren aginduak ez dio eragiten", azaldu du Forcadellek.

2017ko urriaren 1eko erreferendumaren harira, herritarrek modu baketsuan bozkatu zutela eta indarkeria erabili zutenak Polizia eta Guardia Zibila izan zirela azpimarratu du.

Halaber, erreferendumaren antolaketan parte hartu zuela ukatu, eta erreferendumaren data eta galdera erabakitzeko bileretan ez zela izan nabarmendu du.

2017ko irailaren 20an, Generalitatearen aurkako atxiloketak eta miaketak salatzeko Bartzelonan deitu ziren mobilizazioekin loturarik ez duela ere adierazi du. Halere, Oriol Junquerasi babesa helarazteko asmoz, presidenteordearen egoitzara joan zela onartu du.

Bestalde, irailaren 21ean, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean egin zen protestan parte hartu zuela eta ekitaldian hitza hartu zuela esan du. Atxilotuak askatzeko eta herritarrei urriaren 1eko erreferendumean bozkatzera joateko eskatu zuela azaldu du.

"Bozkatzera joateko eta beldurrik ez izateko deia egin zenuen", esan dio Consuelo Madrigal fiskalak. "Hori besterik ez genuen behar, demokrazian bozkatzeko beldurra izatea", erantzun dio Forcadellek. "Bozkatzeko deia egin nuen, bozkatzea ez delako delitua, eta deialdi hori herritar guztiei egin nien, baizkoaren nahiz ezezkoaren aldekoei", erantsi du.

Olga Arderiu bere abokatuari erantzunez, independentzia lortzeko bide baketsuak eta politikoak soilik defendatzen dituela berretsi du: "Nire ideiei uko egiteko prest nago, indarkeria egongo balitz".

"Parlamentuko araudia eta oinarrizko eskubideak betetzea izan zen nire ardura bakarra"

Horrez gain, Forcadellek esan du Kataluniako Parlamentuko presidente karguan egon zen urteetan Ganbera horretako araudiak babestuta jardun zuela. Ildo horretan, Parlamentuko Mahaiak talde parlamentarioek egindako proposamenak tramitatzeko ardura baino ez duela adierazi du.

"Mahaiak ez zuen Auzitegi Konstituzionalaren agindua desobeditu nahi, baina Parlamentuaren bortxaezintasuna babestu behar genuen. Ezin da eztabaida parlamentarioa debekatu. Parlamentuko araudia eta oinarrizko eskubideak betetzera mugatu zen nire ardura", azaldu du.

"Parlamentua soberanoa da. Mahaiak eztabaidak antolatzen ditu. Nik Auzitegi Konstituzionala errespetatzen dut, baina Mahaiak Parlamentuko araudia eta oinarrizko eskubideak babestu behar ditu", azpimarratu du Forcadellek.

"Konstituzionala ezinezko gauza bat eskatzen ari zitzaigun. Parlamentuko Mahaia organo zentsore bilakatzea nahi zuen. Nola esango dugu guk zertaz hitz egin daitekeen eta zertaz ez?", galdetu du.

"Giza eskubideen errespetua bermatuta, beste ezerk ezin dio adierazpen askatasunari edo eztabaida parlamentarioari mugarik jarri, ezta Konstituzionalak edo Ganberako zerbitzu juridikoen txostenek ere", erantsi du.

Bestalde, Forcadellek ukatu egin du Kataluniaren independentzia lortzeko estrategia baten parte edo zuzendari denik, Fiskaltzaren kontakizuna baztertuta.

"Ni ez naiz independentziaren aldeko estrategia baten parte izan, eta ez du estrategia independentistarik zuzendu; Kataluniako Parlamentuko presidente karguari dagozkion funtzioak betetzen aritu naiz", adierazi du.

Horrez gain, Espainiako Gobernuak 155a ezarri zuenean, Parlamentuaren Mahaia desegin eta Diputazio Iraunkorra deitu zutela eta, ondorioz, ekimen parlamentario guztiak bertan behera geratu zirela azaldu du.

Amaitzeko, Forcadellek esan du ez duela ulertzen zergatik ari diren bera Auzitegi Gorenean epaitzen eta Parlamentuko Mahaian bere kide izan zirenak, berriz, Kataluniako Auzitegi Nagusian epaituko dituzten, desobedientzia delitua egotzita.

Jordi Cuixart-ek Omnium-en izaera soziala defendatu du eta preso politikoa dela
Jordi Cuixart-ek Omnium-en izaera soziala defendatu du eta preso politikoa dela
Jordi Cuixart-ek Omnium-en izaera soziala defendatu du eta preso politikoa dela

1:52

Cuixart: "Orain nire lehentasuna ez da espetxetik irtetea, gatazka konpontzea baizik"

Jordi Cuixart Omnium Cultural erakundeko presidenteak hartu du hitza Kataluniako prozesuaren aurkako epaiketaren zazpigarren saioan. Bertan adierazi du "ekintzaile soziala" izateagatik kartzelan sartu duten "preso politikoa" dela, eta "sentimendu errepublikanoa" duela. Argi utzi du, halaber, epaileek ez dutela arrazoi horiengatik auzipetu.

"Ni preso politiko bat naiz, ez preso dagoen politikari bat", esan du Cuixartek. Auzitegi Gorenean duela bi astetik egiten ari diren epaiketan, matxinadagatik ari dira epaitzen Cuixart, eta Fiskaltzak 17 urteko espetxe-zigorra eskatu du harentzat.

09:30ean hasi da deklaratzen Omnium Culturaleko buruzagia. Handik gutxira azaldu du Pablo Llanera epailearen aurrean egindako adierazpenak "kartzelatik irteteko gogoak" baldintzatu zituela, baina orain "Kataluniako gatazka konpontzea" dela bere lehentasuna azpimarratu du.

Bestalde, Cuixartek nabarmendu du bai bera eta baita Jordi Sanchez ANCko presidente ohia ere "ekintzaile sozialak" izateagatik sartu zituztela espetxean. Biak ala biak 2017ko urriaren 16tik daude preso.

Horregatik, alegia, politikari ez izateagatik, "legeak sakontasunez" ezagutzen ez duela argitu du, inoiz ez duelako "bizitza politikoan" parte hartu.

"Europan egon den desobedientzia zibilaren adierazle nagusia da urriaren 1ekoa"

Esan bezala, konbentzituta defendatu ditu Cuixartek U1eko gertakariak, "inoiz Europan egon den desobedientzia zibilaren adierazle nagusia" izan zirela argudiatuta. Hori dela eta, "espainiarrak horretaz harro egon beharko lirateke", erreferenduma bertan behera uzteko erabakia hartu zuen Auzitegi Konstituzionalaren "ebazpen bidegabea" ikusita.

Auzitegi Konstituzionalaren debekuak debeku, Katalunian bozkatzeko eskubidea botoa emanda irabazten dela azpimarratu du Cuixartek.

Jaime Moreno fiskalak honakoa esan du U1aren legezkotasunari buruz egindako galderari erantzunez: "Oinarrizko eskubideak babestearen eta Konstituzionalaren debekua onartzearen artean ez dugu zalantzarik".

Gainera, salatu du erreferendumaren bezperatan Guardia Zibilak hainbat webgune itxi zituela, "Turkian gertatzen den bezala".

"Zuzenbidezko Estatua ez dago demokraziaren gainetik"

Otsailaren 20an Felipe VI.a Espainiako erregeak esandakoaren kontra, Jordi Cuixartek defendatu du "zuzenbide-estatua ez dagoela demokraziaren gainetik".

2017ko irailaren 20ko manifestazioaren harira, Cuixartek berretsi du egun hartan Generalitatearen Ekonomia Kontseilaritzaren aurrean egindako manifestazioa bat-batekoa izan zela, eta "ez zen inolako jarrera biolentorik egon", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Bartzelona Kataluniako erreferenduma Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako prozesua zuzenean