Politika -

'Proces' auziaren epaiketa

Rajoy: 'Ezinezkoa da Espainiako batasuna hausteko erreferendumik negoziatzea'

Mariano Rajoyk esan du urriaren 1eko indarkeria polizialaren erantzuleak erreferendumaren antolatzaileak direla. Iñigo Urkullurekin hitz egin zuela, baina bitartekaririk izan ez zela azpimarratu du.

Mariano Rajoy, epaiketan. Argazkia: EFE
Mariano Rajoy, epaiketan.
Galdeketa eguneko polizien kargen ardura Generalitateari leporatu dio Rajoyk

1:58

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidente ohiak deklaratu du lekuko moduan Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiketaren zortzigarren saioan.

Rajoyk esan du Artur Masekin eta Carles Puigdemontekin hitz egin zuela eta argi utzi ziela ez zuela inoiz erreferendumik negoziatuko.  

"Ni Espainiako presidente nintzen artean, Espainiaren batasuna eta subiranotasun nazionala hausteko eta legearen gainetik salto egiteko erreferendumik onartuko ez nuela argi utzi nuen", adierazi du. "Generalitatean hasieratik jakin zuten zein zen nire jarrera", erantsi du. Hortaz, balizko erreferendum bat adosteko elkarrizketarik inoiz ez dela izan azpimarratu du.

"Espainia zer den Espainiako herritarrek erabaki behar dute, eta ez autonomia bateko herritarrek, ezta Espainiako Gobernuak edo Gorte Orokorrak ere. Hori hasieratik utzi nuen argi", azaldu du.

"Erreferendum bat egin nahi bada, hori Espainiako herritarrek erabaki behar dute eta ondoren Gorteetara eraman behar da, Konstituzioan beharrezkoak diren aldaketak egiteko. Subiranotasun nazionala Espainiako herriak soilik alda dezake", esan du.

Horrez gain, Rajoyk adierazi du beti egon dela Kataluniako Gobernuarekin hitz egiteko prest, baina elkarrizketa hori ezinezkoa izan dela gaineratu du: "Subiranotasun nazionala nola  eta noiz hautsi zitekeen, horretaz soilik hitz egin nahi zuten eta hori ezinezkoa zen".  

Urriaren 1eko indarkeria polizialaren arduradunak erreferendumaren antolatzaileak direla esan du Rajoyk

Rajoyren iritzian, "normala" izan zen 2017ko urriaren 1eko testuingurua kontuan hartuta, polizien eta bozkatzera joan ziren herritarren arteko "liskarrak" izatea, "batez ere batzuen asmoa liskarrak egotea baldin bazen".

Ildo horretan, Espainiako Gobernuko presidente ohiak nabarmendu du urriaren 1ean Estatuko segurtasun indarrek ebazpen judizialak eta legeak betearazi zituztela. "Legea bete zuten, egun hartan ez baitzen erreferendumik izan. Hala dio Hauteskunde Batzorde Nazionalak berak ere", erantsi du.

Halaber, egun hartan poliziek eta guardia zibilek bozkatzera joan ziren ehunka herritar kolpeka zauritu izana erreferendumaren antolatzaileen ardura dela esan du.

"Legez kanpoko erreferendum batean parte hartzeko deia egin zieten herritarrei; halakorik egin izan ez bazuten, inork ez zuen horrelako irudirik ikusi beharko", azaldu du.

"Asko sentitzen dut irudi horiengatik, ez zaizkit gustatzen, ez horiek ez beste batzuk. Agintari politikook horrelako irudiak ekiditeko lan egin behar dugu", gaineratu du.

"Ez da inoiz bitartekaririk izan, nire jarrera irmoa izan delako"

Jordi Pina defentsako abokatuak Iñigo Urkullu lehendakariak gatazka politiko honetan bitartekaritza lanik egin ote duen galdetu dio eta tentsio uneak izan dira.

Rajoyk esan du ez dela inoiz bitartekaririk izan, bere jarrera nahiz Kataluniako Gobernuarena "irmoak" zirelako, eta berak erreferendumik negoziatzea onartuko ez zuelako.

Abokatuak galdera errepikatuta, Rajoyk aitortu du garai hartan "jende askorekin" hitz egin zuela, tartean Iñigo Urkullurekin. "Jende askok deitu zidan. Arduragatik, guztiei entzun nien, baina argi esan nien denei legea betetzea, Konstituzioa eta subiranotasun nazionala ez nituela inoiz negoziatuko".

Hori bai, ez du argitu telefonoz hitz egin zuten edo Moncloa Jauregian bildu ote ziren. "Jende askok deitu zidan eta ez dut gogoratzen", argudiatu du.

Montorok ez du argitu erreferenduma diru publikoarekin finantzatu ote zen

Cristobal Montoro Ogasun ministroak epaiketan esan du 2016 eta 2017 urteetan Espainiako Gobernuak Generalitateko diru-kontuak zorrotz kontrolatu zituela eta, irregulartasunik antzemanez gero, Fiskaltzaren edo Kontu Auzitegiaren aurrean salatzen zutela.

Montororen arabera, zazpi salaketa jarri zituzten. Mariano Rajoyren esanetan, berriz, bederatzi irregulartasun antzeman zituzten.

Nolanahi ere, Ogasun ministro ohiak zehaztu du kontuak esku hartuta egon arren, irregulartasunak izan daitezkeela.

Ildo horretan, garai hartan egin zituen eta zeresan handia eman zuten adierazpenen harira ere galdetu dio fiskalak. Erreferendumeko hautestontziak ze dirurekin ordaindu ziren ez zekiela, baina diru publikoarekin ordaindu ez zirela ziur zegoela esan zuen.  

"Orduan esan nahi nuena zen Generalitateak ez zuela aukerarik erreferenduma diru publikoarekin antolatzeko, horretarako aurrekonturik ez zuelako. Deialdi bat aurrekontu publikorik gabe nola egin daitekeen? Hori azaltzea oso zaila da", azpimarratu du.

Hauteskundeak deitzeko eskatu zion Pascalek Puigdemonti

Bestalde, Marta Pascal PDeCATeko koordinatzaile nagusi ohiak adierazi duenez, aldebakarreko independentzia ez aldarrikatzeko eta hauteskundeak deitzeko eskatu zion Carles Puigdemonti.

Bere alderdiak Kataluniako independentzia nahi duela, eta helburu hori bide baketsuen eta adostutako erreferendum baten bidez lortzea babesten duela gogoratu du.

Ildo horretan, Pascalek erantsi du independentzia lortzek aldebakarreko bidea baztertzen dituela. "Independentzia aldarrikatu edo hauteskundeak deitzea erabaki behar zenean, hauteskundeak deitzea komeni zela esan nion Puigdemonti, eta alderdiko hainbat politikari erreferente ere horren aldekoak ziren", esan du.

Forcadellen jokabidea babestu du De Gispertek

Bestalde, Nuria de Gispert Kataluniako Parlamentuko presidente ohiak Carme Forcadellek Ganbera horretan jardun duen modua babestu du, Mahaiaren ardura talde politikoek proposatutako eztabaidak antolatzea eta eskakizunak araudiaren baitan egin direla egiaztatzea delako.

De Gispertek erantsi du 80eko hamarkadatik aurrera erabakitzeko eskubideari edo Kataluniako subiranotasunari lotutako egitasmo ugari onartu direla, auzitegiek inpugnatu gabe.  

Horrez gain, 2017ko urriaren 6an Erreferendum Legea onartu zenean, Parlamentuan izan zela eta taldeek zuzenketak aurkezteko aukera izan zutela eta horietako asko onartu zirela kontatu du.

Bi lekuko epaiketatik bota dituzte, Voxen abokatuari ez erantzuteagatik

Polemika ere izan gaurko saioan. Antonio Baños eta Eulalia Reguant CUPeko diputatu ohiek Voxen abokatuaren –herri akusazioa- galderei erantzuteari uko egin diote eta Manuel Marchena epaimahaiko presidenteak aretotik kanporatu egin ditu.

Auzipetuak ez bezala, lekukoak alde guztien galderak erantzutera behartuta daude.  

Antonio Baños: 'Duintasun demokratikoagatik Voxi erantzuteari uko egiten diot'
Antonio Baños: 'Duintasun demokratikoagatik Voxi erantzuteari uko egiten diot'
Antonio Baños: 'Duintasun demokratikoagatik Voxi erantzuteari uko egiten diot'

6:20

Lekukoen txanda hasi da gaur 'proces' auziaren epaiketan
Lekukoen txanda hasi da gaur 'proces' auziaren epaiketan
Lekukoen txanda hasi da gaur 'proces' auziaren epaiketan

1:52

Bestalde, Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteorde ohiak nabarmendu du Katalunian "indarkeria" eta "jazarpen handia, orokorra eta sistematikoa" egon zela independentziaren aldeko prozesuak iraun zuen bitartean. Horregatik, buruzagi independentistei leporatu die gertatutakoa, legea ez betetzeko deia egin zutela arrazoituta.

Bi ordu luzeko agerraldia egin du Saenz de Santamariak, lekuko gisa. Adierazpenetan, urriaren 1ean Katalunian lanean aritu ziren Estatuko segurtasun indarren alde agertu da uneoro, "haien profesionaltasunak eta zuhurtziak egoera larriagotzea saihestu zutelako".

Izan ere, "Generalitatearen arduragabekeriaren ondorioz, are larriagoak izan zitezkeen egoerak saihestu zituzten", Santamariaren esanetan.

Hori bai, Copernico operazioarekin zerikusirik ez duela esan du behin eta berriro, "polizia dispositiboak zuzentzea" inoiz ez dela bere lana izan argudiatuta: "Operazio horri buruz zerbait irakurri dut", adierazi du.

Bestalde, onartu egin du urriaren 1eko irudiak ez direla "inorentzat atseginak", baina horren errudunak erreferendumaren antolatzaileak direla nabarmendu du.

Oro har, askoz seguruago agertu da akusazioak egindako galderen aurrean. Defentsarekin, aldiz, eztabaida bat baino gehiago izan du, eta Manuel Marchena auzitegiko presidenteak esku hartu behar izan du, erantzun zehatzagoak emateko eskatuz.

Alde politikoari dagokionez, goizeko adierazpenean azaldu du bere Gobernuak ez zuela sinetsi aldebakarreko independentzia aldarrikapena "sinbolikoa" zenik, auzipetuek horixe deklaratu badute ere. Hori dela eta, egokiagotzat jo zuten Konstituzioaren 155. artikulua ezartzea setio-egoeraren alde egitea baino.

Bukatzeko, Oriol Junquerasekin hiru bider bildu zela argitu du. Azken horrek erreferendumari buruz hitz egiteko ahalegina egin zuen, baina aukera hori irmoki errefusatu zuen Santamariak, gaur bertan adierazitakoaren arabera.

Lekukoen txanda hasi da gaur 'proces' auziaren epaiketan
Lekukoen txanda hasi da gaur 'proces' auziaren epaiketan
Lekukoen txanda hasi da gaur 'proces' auziaren epaiketan

1:52

Artur Masen adierazpena

Aurretik, Artur Mas Generalitateko presidente ohiak hartu du hitza. Prozesu independentistarekin lotutako bileretan parte hartzen zuela aitortuz hasi du saioa. Horietan "erreferenduma adosteko "borondatea erakutsi zuen beti Kataluniako Gobernuak". "Alabaina, hitz egitea ezinezkoa izan zenez, aurrera egitea erabaki zen", gaineratu du.

Hartara, Puigdemonti aholkatu zion "hauteskundeak deitzeko aukera ez baztertzea", modu horretan Generalitateak egoera kontrolatzeko gaitasuna izango zuela iritzita.

"U-1eko emaitza juridikoki loteslea izaten saiatu ziren arren, ez zuten lortu, nahiz eta ondotik independentzia aldarrikapena egin", berretsi du Masek.

Azkenik, presidentetza uzteko erabakia bere kabuz hartu zuela argitu du.

Tardari kargu hartu dio Marchenak

Auzitegi Goreneko presidenteak errieta egin dio Joan Tarda ERC alderdiko diputatuari, testigantza hasi eta batera. Hain zuzen ere, gogora ekarri dio epaiketan ezin duela balio-iritzirik agertu. "Horretarako beste leku batzuk dituzu", ohartarazi du.

Tardak, bere aldetik, ziurtatu du 2017ko irailaren 20an Ekonomia Kontseilaritzaren aurrean egindako elkarretaratzea "bat-batekoa eta baketsua" izan zela. "Ezerk ez du indarkeriarik merezi, ez espainiar batasunak, ezta Kataluniaren independentziak ere", azpimarratu du.

Joan Tarda: 'Mendekuan oinarritutako epaiketa da hau'
Joan Tarda: 'Mendekuan oinarritutako epaiketa da hau'
Joan Tarda: 'Mendekuan oinarritutako epaiketa da hau'

1:35
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Rajoy berriak Kataluniako erreferenduma Auzitegi Gorena argazkiak Espainiako Gobernua Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak Artur Mas Kataluniako prozesua zuzenean