Politika -

'Proces' epaiketa

Urkulluk 'proces' auziaren epaiketan egindako adierazpenak zuzendu ditu Puigdemontek

Generalitateko presidente ohiak ziurtatu du lehendakariak kontakizunaren zati bat ahaztu zuela. Erkorekak erantzun dio Urkulluk esandakoa jasota dagoela, eta aurki argitaratuko dituztela agiri horiek.

Carles Puigdemont. EFEren artxiboko irudia
Carles Puigdemont
Carles Puigdemont. EFEren artxiboko irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak proces auziaren epaiketan egindako adierazpenak zuzendu ditu Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiak, kontakizunaren "zati bat" ahaztu zuela arrazoituta.

RAC 1 irrati kate kataluniarrari emandako elkarrizketan baieztatu du epaiketan "igarotzen den ordu bakoitzeko" are nabarmenagoa dela "existitzen ez den auzi bat ekoitzi dutela".

Besteak beste, 2017ko urriaren 26ari buruz Urkulluk esandakoaz mintzatu da. Orduan, Puigdemontek atzera egin eta hauteskundeak deitzeko erabakia errefusatu zuen, Konstituzioaren 155. artikuluaren ezarpena saihesteko. Halaber, independentziaren aldebakarreko aldarrikapenari argi berdea eman zion.

"Ez zen horrela izan", zehaztu du Puigdemontek, zera gaineratu aurretik: "Ziur dakit Urkulluk elkarrizketak oso-osorik azaltzen dituenean, jakingo duela akordio bakarra nahi nuela, alegia, hauteskundeak deitzeko asmoa neukala, zenbait baldintza bermatuz gero: 155. artikulua ez aplikatzea, Kataluniara bidalitako poliziak handik alde egitea eta errepresioa gelditzea".

Puigdemonten esanetan, "horiexek ziren ezarritako baldintzak", hauteskunde deialdiaren dekretua sinatu ahal izateko, eta horrenbestez independentzia aldarrikapena eteteko. "Une hartan, baina, ez ziren baldintza horiek eman", gaineratu du.

"Bietako bat, kontakizunaren zati bat edo oroimena falta zaio Urkulluri", adierazi du. "Eskura nituen bitartekaritza baliabide guztiak aktibatu nituen, ez nuen lehendakariarekin soilik hitz egin, eta guztiei kontatu nien gauza bera", nabarmendu du.

Eusko Jaurlaritzak, Puigdemonti: "Urkulluk esandakoa jasota dago"

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ziurtatu du Urkulluk proces auziaren epaiketan esandako guztia "dokumentatuta" dagoela, "hasieratik amaierara". Erkorekaren hitzetan, epaiketa bukatu eta batera argitaratuko dituzte agiri horiek.

Bestalde, lehendakariari buruz esan du ez dela ohikoa Urkulluri burua joatea, "memoria inbidiagarria" duelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Iñigo Urkullu Bartzelona Kataluniako erreferenduma Eguneko albisteak Albisteak Carles Puigdemont Kataluniako prozesua zuzenean