Politika -
Agiria
ETA egiaztatze 'informal' bat onartzeko prest agertu da
Gara egunkarian argitaratutako agirian, urtarrilaren 10ean esandakoak gogora ekarri ditu eta "bakearen bidean konponbide demokratikoa elikatu eta bururaino eramateko" konpromisoa berretsi du.
Erredakzioa
ETA "egiaztatzeko mekanismo informal bat onartzeko" prest agertu da, Gara egunkarian argitaratutako agirian adierazi duenez. "ETAk uste du egingarria dela eta nazioarteko egiaztatze batzordea sortu daitekeela", gaineratu du.
Azken agiria kaleratu zutenetik bi hilabete eta erdi igaro direnean, ETAk nabarmendu du "Euskal Herriko eszenatoki politikoan bi bloke ageri" direla; "askatasun agertoki bat ireki nahi dugunok, batetik, eta inposizioari eta blokeoari eutsi nahi diotenak bestetik".
ETAren aburuz, Espainiako eta Frantziako gobernuen jarrera "arduragabea" da "hainbat inguruetan, isilpean, konponbideari ekiteko ustezko asmoa agertu eta estrategia errepresiboari" eusteagatik.
Agirian jasotzen denez, "euskal jendartea adin-nagusikoa dela diote, lotsatu gabe, jendarte horri berari bere etorkizuna erabakitzeko hitza ikatzen dioten bitartean, estatuen eta aparatu errepresiboen tutoretza ezartzen dioten bitartean".
Halaber, "arrazoia bestelakoa da, ordea. Guardia Zibilaren kasernen tortura-aretoen iluntasunean ohiturik, (...) euskal herritarren borondatea lekukorik gabe bortxatu ahal izateko, euskal gatazka deritzotenaren atea itxi nahi diote nazioarteari".
ETAk su-eten "iraunkor, orokor eta egiaztagarria" iragarri zuen urtarrilaren 10ean. Horretan, "behin betiko konponbiderako prozesuarekiko eta konfrontazio armatuaren amaierarekiko ETAk duen konpromiso irmoa" erakusten zuen.