Politika -

Eusko Legebiltzarra

Ganberak ez du Osakidetzaren LEPa ikertuko, EAJk, PSE-EEk eta PPk hala erabakita

EH Bilduk bigarrenez eskatu du irregulartasunak ikertzeko batzordea sortzea, baina abenduan egindako bozketan bezala, koalizioak eta Elkarrekin Podemosek bakarrik egin dute horren alde.

Rebeka Ubera (EH Bildu), bere agerraldian, Urkullu lehendakaria entzuten duela. Argazkia: EFE
Rebeka Ubera (EH Bildu) Eusko Legebiltzarrean.
Ez da Osakidetzako LEParen inguruko ikerketa batzorderik sortuko

1:25

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak ez du Osakidetzaren azken Lan Eskaintza Publikoa (LEPa) ikertzeko batzorderik sortuko. Ganberak bigarrenez baztertu du aukera hori —abenduan beste bozketa bat izan zen, emaitza berdinarekin—. EAJk eta PSE-EEk batzordea sortzearen kontra bozkatu dute, eta PP, irregulartasunen auzia "oso larria" dela uste badu ere, abstenitu egin da.

Osakidetzaren LEPan irregulartasunak atzeman ditu Fiskaltzak, eta auzia epaitegietan dago. Duela astebete, Jon Darpon Osasun sailburuak dimititu zuen, eta aurretik Osakidetzako bi kargudunek.

EH Bilduk eraman du proposamena Ganberara, eta Elkarrekin Podemosen babesa baino ez du izan. Abenduan ere halaxe gertatu zen.

Taldeen adierazpenak

Rebeka Ubera (EH Bildu) proposamena egin duen legebiltzarkideak azpimarratu duenez, beharrezkoa da Ganberan batzordea sortzea LEPan gertatutakoa "agerian" geratzeko, aldatu beharrekoak aldatzeko eta Osakidetzaren izen ona bermatuko duten erantzukizun politikoak zehazteko.

Uberak gogor kritikatu du auzian Jaurlaritzak eduki duen jarrera, eta Nekane Murga sailburu berriari aurreko kudeaketarekin "apurtzeko" eskatu dio.

Antzeko argudioak eman ditu Cristina Macazaga Elkarrekin Podemosen legebiltzarkideak. Bere ustez, Jaurlaritzak ez du ikertzeko asmorik erakutsi, eta dena "estali" nahi izan du. Salatu duenez, Osakidetzan "jardunbide ustelak, normalizatuak eta onartuak" dituzte, eta ez da sinesgarria Osasun Saileko eta Osakidetzako arduradunek horren berri ez izatea. "Filtrazioen inguruan hitz egingo duen ikerketa bat behar dugu", erantsi du.

Josune Gorospe EAJren legebiltzarkideak, aldiz, oposizioa "faltsukeriaz eta zinismoz" jokatzen ari dela uste du, eta gogorarazi du Darponek berak bidali zuela informazio guztia Fiskaltzara eta Arartekora.

Natalia Rojoren hitzetan (PSE-EE), auzia epaitegietan dago, eta beraz, Legebiltzarra ezin da "epaitegi paraleloa" izan. Gainera, politikoki erantzukizunak jada hartu direla esan du.

Azkenik, Laura Garrido PPko legebiltzarkideak kritikatu duenez, gertakarien atzetik joan da Jaurlaritza, erabakiak beste irtenbiderik baino ez zegoenean hartuta. Gertatutakoa "oso larria" izan dela onartu duen arren, erantzukizun politikoak onartu direla eta auzia epaitegietan dagoela azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Osakidetza EAJ-PNV Eusko Legebiltzarra EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi